Eneko Etxeberria ez da aurkeztuko 2019ko udal hauteskundeetara

Uztarria.eus 2018ko urr. 5a, 14:54
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea. (Hitza)

Azpeitiko alkateak gaur jakinarazi du ez dela hurrengo udal hauteskundeetara aurkeztuko. Bigarren agintaldia osatzen ari da Etxeberria egun, EH Bildurekin. 2011tik da alkate.

Azpeitiko EH Bilduko zinegotzien babesean, Eneko Etxeberria alkateak gaur jakinarazi du ez dela hurrengo Udal hauteskundeetara aurkeztuko eta 2019ko ekainean utziko duela gaur egun duen kargua. Etxeberriak azpeitiarrei eskerrak eman dizkie gaurko agerraldian, "erakutsitako konfiantzagatik". Alkateak adierazi duenez, "ohore bat" da Azpeitiko alkate izatea nahiz "herritarren zerbitzura egotea eta haientzat onena bilatzea". Hala ere, "ardura handia" ere badela azpimarratu du: "Gaur egungoa azpeitiar guztien alkatetza izan dadin saiatu gara, eta saiatzen ari gara. Iritzi ideologiko edo alderdi interesak alde batetara utzita, inor atzean edo albo batean utzi gabe ari gara gobernatzen, denok osatzen dugulako azpeitiarren komunitatea. Inor ez dago soberan, eta denok batera baina denok ezberdin izanda, gehiago eta hobeak gara".

2011. urtean egin zuen politikara jauzia Etxeberriak "ez ohiko" egoera batean. Orduz geroztik, zazpi urte igaro dira. Denbora tarte horretan egoera politikoa "guztiz aldatu" dela eta ekonomia krisi "latza" izan dela adierazi du Etxeberriak. Haren hitzetan, "ez ohiko unean" murgildu ziren politikan: "Herritar arrunt asko pauso bat ematera behartuta sentitu ginen, konpromiso bat hartzera. Guk, herritar arruntok, gauza ez ohikoak egin beharra sentitu genuen arlo politikoan ere".

Etxeberriak zazpi urte daramatza Udalean, eta alkatetzan zortzi urte beteko ditu datorren urtean. Horren harira, Etxeberriak azpimarratu du politikak "bokazionala" behar duela izan: "Ona da kargu publikoek amaiera data edukitzea, batez ere, ez ahazteko herritarrei zerbitzatzeko gaudela. Hori da demokrazia, gobernatzeaz gain gobernatua izatea". Era berean, Azpeitiko EH Bilduren talde izaera azpimarratu du: "Guretzat alkatetza ez da inoiz proiektu pertsonal bat izan, beti jokatu dugu taldean eta alkatetza proiektu kolektibo gisa hartuta". Era berean, herritar guztiak "politika egitera" animatu ditu Etxeberriak: "Orain ni ez naizen beste batzuei dagokie gure herritarren bizimodua hobetzen jarraitzea eta proiektuaren buru izatea. Ni kate txiki baten parte naiz. Denok saiatzen gara gure gizartea hobetzen, zubiak eraikitzen eta aurrera egiten. Aurrekoak izan ziren eta hurrengoak izango dira, eta seguru nago ondo baino hobeto egingo dituztela gauzak".

Azpeitiko EH Bilduko zinegotziak eta Eneko Etxeberria alkatea (behean erdian) gaur egindako agerraldian. (Maialen Etxaniz)

Halaber, Etxeberriak eskerrak eman dizkie orain arte bidelagun izan dituen guztiei: "Oso eskertuta nago bi agintaldi hauetan lagundu didaten zinegotziei eta lagun guztiei. Eskerrak eman nahi dizkiet Udal langile guztiei eta nire familiari. Oso harro nago egindako lanaz eta zikloaren amaierara arte herriaren alde egingo dugun lanaz".

Etxeberriak adierazi duenez, Azpeitiko EH Bilduren taldearena da orain arte egindakoaren meritua: "Taldea dago, eta meritu handia du. Zorionez, talde honek oinarri sendoak ditu azpeitiarren etorkizuna gero eta hobea izateko nahiz etorkizunerako ditugun erronkei eusteko; taldeak oinarri sendoak ditu ilusioz betetako proiektuarekin jarraitzeko 2019ko maiatzetik aurrera". Horrez gain, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du: "Aurrerantzean ere onena ematen saiatuko naiz, bai Udaleko arduretan egon bitartean, baita gero ere. Prest egongo naiz edonork behar eta eskatzen duenean laguntzeko".