'Aniztasuna eraikiz' programan murgildu dira Ikasberriko ikasleak

Uztarria.eus 2018ko urr. 5a, 17:18

Giza eskubideak oinarri hartuta, inguruko aniztasunera gerturatzea helburu duen Aniztasuna eraikiz proiektua lantzen ari dira Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBH4ko ikasleak. Egitasmoaren barruan, autismoa duen mutiko baten amaren eta atzerriko emakume baten testigantzak entzun ahal izan zituzten atzo, osteguna, Ikasberriko ikasleek.  

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 70 urte bete ditu aurten, eta horren harira prestatu dute egitasmoa. "Deklarazio honek pertsona guztien berdintasuna goraipatzen du. Gure mundu modernoan hainbat hobekuntza izan dira pertsona guztien berdintasunaren alde, esparru ugaritan: legerian, gizartean eta ekonomian. Hala ere, badira pertsonen duintasunaren kontrako jarrerak. Horrela gertatzen da pertsona hainbat arrazoirengatik diskriminatzen dugunean: jatorria, etnia, kultura, erlijioa, genero identitatea edo sexu orientazioa, ideologia, hizkuntza edo gaitasunak, adibidez", adierazi du Ikasberrik. 

Aniztasuna eraikiz programaren helburuetako bat da gaia ikastetxeetara iristea da helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendaritzak sustatu eta InterRed Gobernuz Kanpoko Erakundeak prestatu dute progama, eta eskola jakin batzuetara soilik iritsiko da; tartean Ikasberri. Giza eskubideak ardatz hartuta, ikasleak "inguruko aniztasunera" gerturatzea nahi dute, "bertan ematen diren diskriminazio egoerak identifikatuta eta horien aurrean begiak itxi beharrean eraldaketarako proposamenak landuta".

Diskriminazio egoera horiek ondoren ezagutzeko biderik egokiena baztertutako pertsonek bizipenak entzutea dela iritzita, diskriminazioa jasan duten pertsona horiek dira Ikasberrin lantzen ari diren programaren muina.  Testigantzak entzun eta baztertuak izan direnen egoeran jarri ondoren, ikasleengan eragitea da xedea. Hain zuzen, konpromisoa bilakatu nahi dute: "Giza Eskubideekin eta diskriminazio ezarekiko konpromisoa bilatu nahi da. Ikasleak errealitatearen behatzaile pasibo izatetik eraldaketaren protagonista izan daitezen".