Familiako negozioak, belaunaldiz belaunaldi

Gipuzkoako Hitza 2018ko urr. 5a, 12:39
Valverde drogeriaren sarrera, berritu aurretik. (Gipuzkoako Hitza)

Errentagarriak ez direlako edo jarduerarekin jarraituko duen inor topatu ez dutelako, azken urteetan denda txiki batek baino gehiagok itxi behar izan ditu ateak. Badira, ordea, eskutik eskura pasatuta mende erditik gora dirauten komertzioak ere.

Saltoki txikiek ematen diote bizia herri bati. Gauza jakina da hori. Baina merkataritza gune handiek eta Internet bidezko erosketek asko zaildu dute merkatari txikien egunerokoa. Gauza jakina hori ere. Ondorioz, azken urteetan asko dira ateak itxi behar izan dituzten negozio txikiak: batzuk, jada errentagarriak ez zirelako; eta besteak, negozioarekin jarraitzeko prest zegoen inor topatu ez dutelako. Dena dela, badira bestelako adibideak ere: belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duten negozioak; haietako asko, familiakoak. Azpeitiko Estanko Txikia eta Valverde drogeria dira adibide horietako bi.

Eider Igarzak eta haren senarrak, Marcos Rodriguezek, duela urtebete hartu zuten Azpeitiko Erdikaleko Estanko Txikiaren ardura. Familia bereko hirugarren belaunaldia da eurena. Igarzaren amonak zabaldu zuen tabako denda, duela 55 urte; 1963an, hain zuzen. Haren ostean, Igarzaren gurasoek hartu zuten negozioa, eta, orain, Igarzak berak eta haren senarrak. "Orain dela urte batzuk gaixotu egin zen nire aita eta hilabete berean lanik gabe geratu zen nire senarra. Seinale moduko bat izan zen. Senarrak eta biok lanak banatu genituen: ni alaben eta aitaren zaintzaz arduratzea erabaki genuen eta senarrak nire amari dendan laguntzea". Duela urtebete, erretiroa hartu zuen Igarzaren amak, eta, harrezkero, bikotea arduratzen da tabako dendaz. "Gehienbat, nire senarraren esku geratu da estankoko martxa, niri baino gehiago gustatzen zaiolako, eta nik beste zeregin batzuk ere baditudalako". Etxeko zereginez eta alaben zaintzaz arduratzeaz gain, josi egiten du Igarzak: panpinak eta telazko arbel eramangarriak josten ditu, besteak beste, eta tabako dendan saldu. "Jendea harritu egiten da estankora sartu eta panpinak ikusten dituenean, baina hantxe daude. Aspalditik nuen negozioari buelta bat emateko gogoa eta horretan ari gara pixkanaka".

Igarzak dio sekula ez zaiela burutik pasatu familiako negozioa bertan behera uzterik. "Nazkatuko bagina, hor legoke beste norbaiti alokairuan uzteko aukera, baina oraingoz, behintzat, ez dugu horretarako asmorik. Onartu beharra daukat nik nolabaiteko mania diodala estankoari, niretzat gurasoekin egotea oztopatu didan zera hori izan delako estankoa, baina senarrari gustatu egiten zaio hango lana". Beraz, errentagarria den bitartean, eutsi egingo diote negozioari. "Gerora gure alabek hor izango dute harekin segitzeko aukera. Gustuko badute eta ondo badatorkie, hor izango dute".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.