The Posiesen pop eta grunge doinuek hartuko dute Sanagustin igandean

Uztarria.eus 2018ko urr. 5a, 11:04

The Posies musika taldea 30. urteurrena ospatzera etorriko da Sanagustin kulturgunera, igandean, Son Estrella Galicia biraren barruan. Zuzenekoa 21:00etan hasiko da, eta sarrerak aurrez eros daitezke 15 eurotan kulturgunean bertan. Internetez ere eskura daitezke, honako lotura honetan. Egunean bertan, txartelak 18 eurotan izango dira eskuragarri.

Ken Stringfellow eta Jon Auer buru dituen talde ezaguna da The Posies. 90. hamarkadan sortu zen, Ameriketako Estatu Batuetako Bellingham hirian. Urteetan zehar, rock alternatiboaren eta grunge mugimenduaren ikurretako bat izan zen. Izan ere, pop ingelesa gitarra zaratsuekin nahasiz melodia berezia sortu zuten The Posies taldeak. 30 urte bete dituzte, eta horren aitzakian kontzertu bira handi bat egiten ari dira hilabeteotan. Zapalduko dituzten herrien artean dago Azpeitia, eta beren doinuak eskainiko dituzte Sanagustinen, musika taldearen jarraitzaileen gozamenerako.