Udal Liburutegian prest dute urrirako ekitaldi sorta

Uztarria.eus 2018ko urr. 4a, 13:54
Haurrentzako marrazketa saioa izango da zapatu arratsaldean liburutegian. (Azpeitiko Udal Liburutegia)

Haurrentzat prestatu dituzte ekitaldi gehienak. Urriaren 17an izango dute lehen hitzordua; eskulan tailerra egingo dute.

Ingelesezko ipuin kontaketarekin estreinatu zuten atzo Udal Liburutegian urrirako prestatu duten ekitaldi sorta. Datozen egun eta asteetan ere izango zertaz eta nola gozatu haurrek liburutegian, haientzako prestatutako hitzorduak izango baitira nagusi hileko agendan.

Urriaren 17an egingo dute lehen saioa; hain zuzen ere, HH5eko umeei zuzendutako eskulan tailerra emango dute, 18:00etan hasita. Tailer horretan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, urriaren 8tik 15era, liburutegian bertan edo ludoteketan.

Hurrengo egunean, hilaren 18an, izango dute hileroko hitzordua liburutegikoek Urrestillan, 18:00etatik aurrera.

Urriaren 23an, berriz, ikasturte berriko lehen literatur solasaldia gidatuko du Udal Liburutegian Pako Aristik, 18:00etan hasita. Aitziber Etxeberriaren Nomada eleberria izango dute hizpide solasaldian; liburutegian eskatu eta irakur dezakete liburua saioan parte hartu nahi dutenek.

Helduen irakurle taldea ez ezik, 8 eta 9 urteko haurrei zuzendutako irakurle txokoa ere martxan jarriko dute hil honetan Udal Liburutegian. Urriaren 25ean izango dute lehen hitzordua, 18:00etan. "Liburuak irakurri bakarrik ez, liburuekin esperimentatu, jolastu eta hausnartu" egingo dute umeek saio horietan.

Bi ipuin kontaketa saio ere izango dira urrian Udal Liburutegian. Hilaren 24an Ixabel Agirresarobe ipuin kontalaria joango da liburutegira, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako saioa eskaintzera; hilaren 29an, berriz, 4 urtekoentzat izango da Lupe Lekuonak gidatuko duen emanaldia. Bi ipuin kontaketak 18:00etan hasiko dira.

Urriko eskaintzarekin amaitzeko, marrazketa saioa egingo dute urriaren 31n, Haur Txokoan, 17:30ean.