2019rako tasa eta zerga gehienak izoztea onartu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko urr. 3a, 21:17
Atzoko udalbatzarraren une bat.

"Familiei zuzenean eragiten dieten zergak eta tasak izoztea eta jarduera ekonomikoari dagozkienak egokitzea" da EH Bilduren Udal Gobernuaren aldeko botoekin atzoko udalbatzarrean onartu zuten proposamena. EAJ abstenitu egin zen, udal tasei eta zergei urtero KPIaren igoera ezartzea egokiago iritzita.

2019rako ordenantza fiskalerako proposamenari hasierako onarpena eman zioten atzo, urriko ohiko udalbatzarrean. Udal tasa eta zerga gehienak bere horretan mantentzea eta izoztea proposatu eta onartu zuen EH Bilduren Udal Gobernuak. EAJ abstenitu egin zen, udal tasei eta zergei urtero KPIaren igoera ezartzea egokiago iritzita. Atzo onartutako proposamena hilabetez egongo da herritarren eskura, alegazioak aurkezteko aukerarekin. Epe hori igarotakoan eta balizko alegazioak erantzunda, azaroan onartuko dituzte behin betiko datorren urte hasieratik indarrean egongo diren udal tasak eta zergak.

Irizpideak eta neurriak

Azken urteetan bezala, udal tasen eta zergen politika "hiru printzipiotan" oinarritzen dutela azaldu du gaur prentsaurrean Estitxu Elduaien Ogasun batzordeburuak. Zerbitzu publikoen kalitatearen eta udalaren diru-sarreren arteko oreka mantentzea, progresibitatea eta ekitatea dira printzipio horiek. "Iruditzen zaigu udal tasek eta zergek balio behar dutela aberastasunen banaketarako, eta justizia sozialerako ere bai", adierazi du Elduaienek. Oinarri horiek kontuan hartuta, "familiei zuzenean eragiten dieten zergak eta tasak izoztea eta jarduera ekonomikoari dagozkienak egokitzea" proposatu dute.

Herriko langabezia tasaren datuak aipatu ditu zinegotziak adibide bezala –%17koa izatera iritsi zen "krisiaren unerik zailenean" eta %8,4koa izan da joan den abuztuan–, "datu makroekonomikoek egoera ekonomikoa hobetzen ari dela erakusten" dutela berresteko. "Baina gure zalantza da hobekuntza orokor hori zer neurritan iritsi den krisiak gehien kolpatu dituen familietara eta etxeetara. Horregatik aztertu dugu, familia horien ahaleginari keinu bat eginez, Udalak berak zenbaterainoko ahalegina egin dezakeen. Eta proposatu dugu tasak eta zergak izoztea, horrek Udalari ahalegin txiki bat suposatzen diolako", azaldu du Elduaienek. Izan ere, "azken urteetan egin den kudeaketari esker Udalaren altxortegia oso osasuntsu" dagoela nabarmendu du, eta une honetan aipatutako ahalegina egiteko moduan dagoela. Familiei eta norbanakoei eragiten dieten tasa eta zerga guztiak izozteaz gain, orain arte aplikatzen dituzten hobariak mantendu egingo dituztela gaineratu du Elduaienek, hala nola familia ugarientzat, Kirol Patronatuaren kuotetan eta kontribuzioa ordaintzen laguntzeko eskaintzen dituztenak.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergak eta tasak eta eraikuntza eta obra handiei dagozkienak, aldiz, igo egingo dira 2019an. Elduaienen hitzetan, zerga horiek "egoera ekonomiko berrira egokitzea" izan da erabili duten irizpidea. "Datuek erakusten dute enpresen eta negozioen bolumenak gora egin duela herrian, eta horregatik, jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren tipoa 0,1 igotzea proposatu dugu". Igoera horrekin, zerga horren tipoa 2,2ra iritsiko da; hori da, Udal Gobernuko kideek azaldu dutenez, inguruko herrietan dagoeneko ezartzen ari diren tipoa. Eraikuntza lizentzietan eta tasetan, berriz, zenbateko edo aurrekontu handieneko obrei orain arte ezartzen zitzaizkien tasak igoko dituzte.

"Funtzionatzen digun eskema aplikatzen jarraitzen dugu", adierazi du, bere aldetik, Eneko Etxeberria alkateak 2019ko udal zergak eta tasak ezartzeko irizpideei erreferentzia eginez. "Udala diru-sarrera gehiago ari da jasotzen, bai zerbitzu eta bai tasa bezala, mugimendu eta aktibitate ekonomikoa gehitzen ari delako". Duela gutxi ezarri den hondakinen bilketa sistema berriaren emaitza "arlo ekonomikoan oso ona" dela esan du alkateak, "ingurumenarentzat askoz eraginkorragoa izateaz gain". Ondasun Higiezinen gaineko zerga edo kontribuzioa mantentzearekin batera, etxe hutsen gaineko %50eko errekargoari ere eutsi egingo diotela gogoratu du, neurri horrek alokairurako dituen onurak gogora ekarrita; eta Kirol Patronatuko kuotak ere berdin mantenduko direla nabarmendu du. Etxeberriak esan du "inoiz baino bazkide gehiago" dituela gaur egun Kirol Patronatuak.

KPIa eta sarreren eta gastuen arteko oreka

Aitor Gorrotxategi bozeramaileak azaldu zituen atzoko udalbatzarrean EAJren abstentzioaren arrazoiak. "Kontrako boza emateko asmorik ez dugu, kontra ezin dela egin uste dugulako", esan zuen, baina bere taldeak udal tasentzat eta zergentzat beste irizpide batzuk dituela azaldu zuen. "Gure irizpidea beti izan da KPIa igotzea", gogoratu zuen. Udalaren egoera ekonomikoa "zorionez" oso ona denez, EAJk tasetan eta zergetan "esfortzua egitea baloratzen" duela adierazi zuen Gorrotxategik, "baina arraroa egiten zaigu enpresei zergak igotzea eta gainerakoak izoztea. Hau familia ekonomia bezala da; sarrerak eta gastuak ditugu, eta gastuetan igotzen ari gara. Horregatik uste dugu sarreretan ere gora egin behar dela. Ahalegina egiteko aukera badago, eta oso ondo, baina egunen batean pasatu daiteke KPIarena baino igoera handiagoa egin behar izatea", argudiatu zuen.