Euzkadi zaharra berrituta itzuli da Burdinbidearen Euskal Museora

Uztarria.eus 2018ko urr. 3a, 14:54

Lau hilabete iraun duten konponketa lanak bukatuta, Burdinbidearen Euskal Museora itzuli zen atzo Euzkadi lurrun tren-makina. Lasaoko Landeta Burdin Lanak enpresan egin dituzte tren-makina zaharra konpontzeko lanak, eta atzo eguerdian, garraio berezietarako kamioi batean, eraman zuten lantokitik museoraino. Landetakoek ibilbide horren lehen metroak grabatu zituzten, kamioia eta haren gainean trena lantegitik nola ateratzen ziren erakusten dutenak, eta haiek utzitako irudiekin osatu du Uztarriak bideo hau. Azken hilabeteetan Euzkadirekin egin duten bezala, haren aurretik Burdinbidearen Euskal Museoko beste tren historiko bat konpondu zuten Landeta Burdin Lanaken, Aurrera lurrun tren-makina.

Azpeitiko museoko bildumaren harribitxietako bat da Euzkadi lurrun tren-makina. Municheko (Alemania) Krauss enpresak Euzkadi motako hamalau tren-makina ekoitzi zituen 1914tik 1921era, Eusko Trenbideen sarearen enkarguz. 1929an Bilbo-Donostia zerbitzua argindarrarekin funtzionatzen hasi zenean, beste trenbide sare batzuei saldu zizkieten Euzkadi tren-makinak. Gaztela-Leongo (Espainia) Ponferrada-Villablino trenbidean erabili zuten, esaterako, museora itzuli berri den makina.