Errepidearen azpian egokituko dute Lasaoko pasabidea

Uztarria.eus 2018ko urr. 3a, 14:51
Trenbidearen ondoan egingo dute bidexka.

Zumarraga eta Lasao arteko bidegorriaren eta Lasao eta Iraeta arteko bide berdearen lotunea errepide azpiko tunelean egingo dute, trenbidearen ondoan bidexka egokituta. Horrenbestez, urteetako arazoari irtenbidea emango diote. Azpeitiko eta Zestoako udalek nahiz Eusko Trenbideak sareak hitzarmena egingo dute, eta gunea urte bukaerarako egokituta izatea aurreikusten dute. Azpeitiko Udalak atzo onartu zuen hitzarmena aho batez.

Zumarraga eta Lasao arteko bidegorriaren eta Lasao eta Iraeta arteko bide berdearen lotunearen arazo historikoari irtenbidea emango diote Eusko Trenbideak Sareak eta Azpeitiko eta Zestoako udalek. Izan ere, atzoko udalbatzarrean onartu zuen Azpeitiko udalbatzak hiru erakundeen arteko hitzarmena, eta hari esker, errepide azpian pasabidea egingo dute Lasao auzoaren alde batetik bestera igarotzeko.

Hain zuzen ere, Lasaoko tren geltokiaren ondoko Urola trenaren trazatuaren alboan oinezkoentzat bidea egingo dute. Lanak aurki hasiko dituzte, eta urte bukaerarako gunea egokituta izango dela aurreikusten dute udal ordezkariek. Azpeitiko eta Zestoako udalek hamabost milana euro jarriko dituzte obrak egiteko, eta 30.000 euro Eusko Trenbideen Sareak. Aitor Bereziartua zinegotziaren hitzetan, lan horiek eginda "lotune segurua" izango da bidegorriaren eta bide berdearen artean.

Azpeitiko eta Zestoako udalek eta Lasaoko bizilagunek 2015ean eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari auzoaren bi aldeen artean lotunea egitea, herritarren "segurtasuna bermatzeko". Izan ere, ordura arte errepidearen azpiko trenbidearen ondoko bidexkatik pasatzen ziren oinezkoak eta txirrindulariak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi egin zuen zati hori 2015eko abuztuan. Neurri hura hartu zutenetik, errepidea gurutzatu behar izaten dute Lasaon alde batetik bestaldera igaro nahi dutenek, eta aldundiak bi seinale jarri zituen gune horretan, 50 kilometro orduko gehienezko abiaduraren seinalea eta oinezkoak eta txirrindulariak dabiltzala ohartarazten duena. Foru erakundeak sasoi hartan azaldu zuen 2016rako edo 2017rako zebrabide bat egingo zuela errepide zati horretan. Bi udalak –gutuna kaleratu zuten– eta Lasaoko bizilagunak –auzo elkarteak sinadura bilketa egin zuen lotunea trenbide ondoko tunelean egitea eskatzeko– ez ziren ados agertu irtenbide harekin.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, urteotan ez dute irtenbide argirik proposatu Eusko Trenbideakek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta egingo duten errepide azpiko pasabidearekin arazoa konpondu egingo dela uste du erakundeak. "Bide estua izango da, trenbidearen ondoan egingo da, eta bizilagunek bertatik pasatu ahal izango dute", azaldu du Bereziartuak.

Atzoko udalbatzarrean aho batez onartu zuten EH Bilduk eta EAJk lanok egiteko hitzarmena. Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak ere hartu zuen hitza, eta haren arabera, irtenbide "xume eta ona" da erdietsi dutena. "Kostu ekonomiko handirik gabe zentzuzko aterabidea emango zaio arazoari".