Azpeitiko Udalak presoei ezarritako urruntze politika salatu du

Uztarria.eus 2018ko urr. 3a, 12:51
Azpeitiko Udaleko ordezkari politikoak Orain Presoak dinamikaren boletoekin.

Atzoko udalbatzarrean onartu zuten EH Bilduk eta EAJk aho batez, Azpeitiko Sarek urruntze politika salatzeko aurkeztutako mozioa. Sarek eskerrak eman zizkien udal ordezkariei, presoen egoeraz "hitz egiteagatik". EAJk "bidelagun" izan behar dutela adierazi zion dinamikari, eta EH Bilduk giza eskubideen urraketa oro salatu behar dela gogorarazi zuen.

Atzo, asteartea, urriko udalbatzarra egin zuten Udaleko ordezkari politikoek, eta batzarra hastearekin Sare mugimenduak aurkeztutako mozioa izan zuten hizpide alderdietako ordezkariek. Eneko Etxeberria alkateak irakurri zuen urruntze politika salatzea xede zuen testua, eta udaleko areto nagusira bertaratu ziren Sareko kideei eman zien hark hitza ondoren.

Sareko ordezkariek "eskerrak" eman zizkien EH Bilduri eta EAJri, presoen gaiaz "hitz egiteagatik". Haiek presoen urruntzeaz "modu naturalean" hitz egin nahi dute eragile guztiekin, eta urriaren 20rako Orain Presoak dinamikak Donostian deitu duen manifestaziora joateko gonbidapena egin zieten udal ordezkariei. EAJren udal bozeramaile Aitor Gorrotxategik ere esker hitzak izan zituen Sareko kideentzat. Hark azaldu zuen, askotan, "ez hitz egiteak gaizki ulertuak" sortzen direla, eta euskal presoen eskubideen aldeko dinamikako kideei esan zien aurrerantzean "bidelagun" izan behar dutela. Etxeberriak jakinarazi zuen urruntzea giza eskubideen urraketa bat dela, eta argi utzi nahi izan zuen Azpeitiko Udala "giza eskubideen urraketa guztien aurka" dagoela. Horrenbestez, EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zuten Azpeitiko Sarek aurkeztutako mozioa.

Honako hau da Sarek aurkeztutako mozioaren testua:

"Joan zen apirilaren 18an Arabako Batzar Nagusiek presoen urrunketa politikarekiko desadostasuna azaltzen zuen mozioa onartu zuen.

Hitzarmen horrekin Euskal Autonomia Erkidegoko hiru batzar nagusien akordiora iristen gara, 2016ko abenduaren 14ean Gipuzkoan eta 2017ko ekainaren 7an Bizkaian onartutakoen ondoren.

Egun berean, aho batez onetsi zuten Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatuek: ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta Etxalde.

Gure udalerrian, egun, preso daudenak honako hauek dira:

  • Josu Urbieta Pow: Mont-de-Marsan espetxea, 200 kilometrora
  • Joseba Segurola Xegu: Lannemezan espetxea, 269 kilometrora
  • Gotzon Aranburu: Alacant espetxea, 732 kilometrora

Ondorioz, udalbatzak honako hau onartzea dugu helburu:

Lege Orokorrean askatasuna kentzeko zigorrak betetzean deserrotzea saihesteko ezarritakoa kontuan izanik, zigor horien bergizarteratze printzipioen arabera adierazten dute ez daudela ados urruntze espetxe politikarekin. Alde horretatik, ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren barruan, uste dute espetxe politika berri bat behar dela, hain zuzen ere presoak zigorrak gizarte eta familia erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko baitu bere senideekin harremana izatea, bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubidearen alde".