Angel Otaegiren omenezko ekitaldia egin dute Nuarben, Kurro eta Pelitxo ere gogoan

Uztarria.eus 2018ko ira. 30a, 18:00

Aurtengo Gudari Egunaren harira antolatutako azken ekitaldia egin dute gaur eguerdian Nuarben. Urtero legez, duela 43 urte Francoren diktadurapean afusilatu zuten Angel Otaegiren etxe atarian elkartu dira haren senideak, lagunak eta hainbat herritar, Otaegi omentzeko; harekin batera, Pasaiako segadan poliziek hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo ere gogoratu dituzte gaur Nuarben.

Bertsoekin eta erreziltaldi batekin hasi den ekitaldiak Otaegiren, Kurroren eta Pelitxoren senideei dantzatutako aurreskuarekin eta lore eskaintzarekin jarraitu du, hitzartze politikoaren ondoren Eusko Gudariak abestuz bukatzeko. Ondoren, bertaratutakoek mokadutxoaz gozatzeko aukera izan dute.

Joan den ostegunean, hilak 27, bete ziren 43 urte ETAko kide Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra hil zituztela, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Heriotza horiek gogoratzen dituen Gudari Egunean bertan eegin zituzten Otaegiren omenezko lehen ekitaldiak, ikasleek eguerdiz Azpeitian, eta Otaegi lurperatuta dagoen Nuarbeko hilerrian arratsaldez.