Estaligabeko igerilekuko erabiltzaile kopurua %26 igo da iaztik

Uztarria.eus 2018ko ira. 28a, 16:56

Ekainaren 16tik irailaren 16ra arte izan da zabalik, eta irekita egon den 93 egun horietan 37.249 lagun bertaratu dira. Herritar gehien bertaratu zen eguna uztailaren 9a, astelehena, izan zen.

Eguraldiaz gozatu ahal izan dute herritarrek udan Azpeitian, eta horren erakusle dira estaligabeko igerilekuak utzi dituen datuak. Ekainaren 16tik irailaren 16ra arte izan da zabalik, eta irekita egon den 93 egun horietan 37.249 lagun bertaratu dira. Udalak jakinarazi duenez, %26 igo da igerilekuko erabiltzaile kopurua; izan ere, iaz baino 10.000 lagun gehiago bertaratu dira. Erabiltzaile gehienak, %90, Kirol Patronatuko bazkideak dira.

Igerilekua irekita izan den 93 egunetatik 46 izan dira eguzkitsuak. Batez beste 400 erabiltzaile izan dira kanpoko igerilekuan egunero-egunero, eta jende gehien bertaratu zen eguna uztailaren 9a, astelehena, izan zen. Egun hartan 1.376 erabiltzaile zenbatu zituzten egun osoan igerilekuan.

Kanpoko igerilekua 2001eko uztailaren 14an inauguratu zuten, eta ordutik udaro zabaldu dute.