San Martin egoitzako eta Eguneko Zentroko langileak grebara deitu ditu ELAk

Uztarria.eus 2018ko ira. 27a, 19:55

Hitzarmen berriak adosteko negoziaketak "blokeatuta" daudela eta, 17 greba egun iragarri ditu sindikatuak urtearen amaiera bitarterako. Bihar elkarretaratzea egingo dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzaren aurrean.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak grebara deitu ditu ELA sindikatuak. Hitzarmen berriak adosteko negoziaketak "blokeatuta" daudela eta, akordio horiek berritzea eskatzen dute. 17 greba egun iragarri ditu sindikatuak urtearen amaiera bitarterako. Bihar izango da lehen greba eguna, eta urriaren 24tik 26ra, azaroaren 26tik 30era eta abenduaren 24tik 31ra egingo dituzte gainontzeko lanuzteak. Bestalde, bihar elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzaren aurrean.

Azpeitian, San Martin egoitzako eta Eguneko Zentroko langileak deitu dituzte grebara. Zentro horietan gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte greba egunetan.

ELAk azaldu du sozializazio kanpainak egin dituela hitzarmen berri bat eskatzeko, eta patronala eta diputazioa ez direla "mugitu" ikusita, beharrezkoa ikusi dutela grebara jotzea, "presioa egiteko". Sindikatuak azaldu du grebak "oihartzun ona" izango duela espero duela.