Soma Cult eta Dunne taldeek irekiko dute Arkupehotsak egitasmoaren bigarren bira

Uztarria.eus 2018ko ira. 27a, 18:57
Soma Cult taldea. (kulturaz.eus)

Bihar, ostirala, hasiko dira Arkupehotsak egitasmoaren bigarren deialdian aukeratutako musika taldeen kontzertuak. 22:30ean hasita, Azpeiti-Azkoitiko musikariek osatutako Soma Cult eta Dunne taldeek eskainiko dituzte zuzenekoak Sanagustin kulturguneko Arkupean. Julen Hidalgo bateria jotzailea Soma Cult taldeko kidea da, eta adierazi duenez, taldearentzat "izugarria" da Arkupehotsak proiektuak eman dien aukera. 

Euskal Herriko musikari eta musika proiektu berriei plaza bat eskaintzeko helburuarekin jaio zen Arkupehotsak egitasmoa, eta pixkanaka ari da bere bidea egiten. Joan zen astean itxi zuten Arkupehotsaken lehen edizioa, aurreneko deialdian epaimahaiak nabarmendu zuen Falta Hazparneko (Lapurdi) taldearen zuzenekoarekin. Orain, egitasmoaren ibilbidean pausoak ematen jarraitzeko garaia da. Bihar, ostirala, ekingo diote Arkupehotsak proiektuaren bigarren edizioko kontzertu sorta.

Biharko hitzorduan, gertuko bi taldek eskainiko dute zuzenekoa Sanagustin kulturguneko Arkupean, 22:30etik aurrera: Soma Cultek eta Dunnek, hain zuzen. Soma Cult taldea Azpeitiko, Azkoitiko eta Beasaingo hiru musikarik osatzen dute: Julen Hidalgo azpeitiarrak, Jose Mari Unanue azkoitiarrak eta Joseba Gutierrez beasaindarrak. Hidalgo bateria jotzailea da, eta hark kontatu duenez, taldekideak biharko kontzerturako "oso gogotsu" daude. Haren hitzetan, zuzeneko emanaldiak dira "taldearen alderik indartsuena". Horregatik, herritarrak kontzertura animatu nahi ditu. Soma Cult 2017 urte bukaeran jaio zen, eta 60ko eta 90eko hamarkadadetako doinuak erreferentzia hartuta sortzen dituzte abestiak. Psychodelia, popa eta grungea nahasten dituzte beren lanetan.

Dunne, aldiz, stoner rocketik eta hardcoretik eraten duen Azkoitiko taldea da. Gorca Alcaldek eta Ander eta Gorka Franco azkoitiarrek osatzen dute, eta "aro berri batean" murgilduta daudela diote. Etapa berri honetan doinu progresiboa eta atmosferikoa alde batera utzi, eta abesti indartsuagoak sortu dituzte. Beren kantuen hitzek gizarte gaien inguruko salaketak dituzte ardatz. 2018ko udaberrian grabatu zuten Argi Eza izenburuko lau abestiz osaturiko EPa.

Azkoitiko Dunne taldea, Matadeixen. (Dunne)

Doinu berrientzat, plaza "interesgarria" 

Hidalgok azaldu duenez, Arkupehotsak proiektua "oso interesgarria" da Soma Cult bezalako talde hasiberrientzat. Izan ere, musika taldeen hastapenak "zailak" izaten direla dio azpeitiarrak: "Hasieran, gauzak ez dira errazak izaten, kontzertuak emateko nahiz abestiak grabatzeko zailtasunak izaten baititugu". Horregatik, Arkupehotsak egitasmoak "horrelako leku batean jotzeko aukera ematea "izugarria" dela uste dute hiru musikariek. Halaber, Arkupehotsak lehiaketa bat ez dela nabarmendu nahi izan du Hidalgok: "Nahiz eta egitasmoak eskaintzen duen saria oso handia den, sari potoloena Arkupean jotzeko aukera izatea da". Horrez gain, azpeitiarrak uste du Arkupehotsak "aukera oso ona" dela jende nahiz talde berriak ezagutzeko, eta egitasmoak urte luzez iraun dezala nahi du. 

Kulturaz kooperatibak iaz abiatutako egitasmoa da Arkupehotsak, eta "sortzaile berrien plaza eta babesa" izatea du xede: "Arkupehotsak sormenaren erakusleiho berria da, musikaren alorra bere zentzurik eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina, programazioaz gain, sentsibilizazioa, sormen prozesua eta parte hartzea kontuan dituena".

Arkupehotsaken aurreneko deialdian 23 taldek eman zuten izena. Horietatik hamar aukeratu zituzten Sanagustin kulturgunean kontzertua emateko. Hautatutako hamar talde horiek –tartean zen Falta– joan zen neguan zehar eskaini zituzten zuzenekoak kulturguneko Arkupean. Behin kontzertu denak eskainita, aurreneko deialdiko irabazlea aukeratu zuen Kulturazek. Hazparneko taldearen lana nabarmendu zuen kooperatibak, eta hari eman zioten bigarren diskoa grabatzeko diru-laguntza. Datozen asteetan emango du Kulturazek Arkupehotsak egitasmoaren bigarren deialdiari lotutako xehetasunen berri.