70 lasterkarik eman dute izena X. Zuzenien igoera bertikalerako

Uztarria.eus 2018ko ira. 26a, 11:23
Iazko Zuzenien probako irudi bat.

Zapatuan izango da proba 15:30ean plazatik hasita, eta lasterkariek plazatik Xoxoteko San Inazioren estatuara igo beharko dute. Oraindik ere zabalik da lasterketarako izen ematea; osteguneko 20:30ak baino lehen eman ahal izango da izena Kirolprobak.eus webgunean. Helmugako irudiak zuzenenean ikusi ahal izango dira Sanagustin kulturgunean.

Zapatuan Zuzenien igoera bertikalaren hamargarren edizioa izango da, eta dagoeneko 70 bat lasterkarik eman dute probarako izena. Proban parte hartuko duten kirolarien artean dira honako hauek: gizonezkoetan, Joseba Diaz azkoitiarra, Beñat Katarain zegamarra, Mikel Beunza ultzamarra, Asier Larruzea gueñestarra, Imanol Larrañaga azkoitiarra eta Xabat Manzisidor eta Xabier Lasa azpeitiarrak; etaemakumezkoetan, Ainhoa Lendinez elgoibartarra, Ane Iturria tolosarra eta Maud Combarieu urruñarra.

Oraindik ere zabalik da izen-ematea, eta parte hartu nahi duten lagunek Kirolprobak.com webgunean eman ahal izango dute izena osteguneko 20:30ak bitartean. Gehienez 250 lagunek parte hartu ahal izango dute lasterketan, eta horiek 2003tik aurrera jaiotakoak izan beharko dute. Adin txikikoek gurasoen baimena ziurtatzen duen orri bat bete beharko dute lehiatzeko. Txip horia duten kirolariek 14 euro ordaindu beharko dute izena ematerako orduan, eta txipik ez dutenek 16 euro. Mendian federatu gabekoek NANa erakutsi beharko diote antolakuntzako arduradunei dortsala eta txipa hartzerakoan. Federatuek, aldiz, mendi federazioko txartela erakutsi beharko dute.

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako proba goizez jokatu izan da orain arte, baina aurten arratsaldez izango da. Hain zuzen ere, 15:30ean hasiko da erlojupeko lasterketa plazatik. Lasterkariek plazatik Xoxoteko San Inazioren estatuara igo beharko dute; 3.320 metroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek 804 metroko maldadun ibilbidean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, proba bukatzean, 19:00ak aldean, egingo dute sari banaketa ekitaldia plazan.

Iaz martxoan izan zen Zuzenien proba. 80 lagunek parte hartu zuten igoera bertikalean, eta Imanol Goñi eta Oihana Azkorbebeitia nagusitu ziren.

Zuzeneko emanaldia

Igoera bertikalaren azken metroak, helmuga ingurukoak, zuzenean ikusi ahal izango dira Sanagustin kulturgunean; izan ere, probaren antolatzaileek kamera bat jarriko dute Xoxoten, hara igotzen ez diren herritarrek ere proba ikusi ahal izateko.