Ibai ertzak txukundu dituzte Zelai Luze aldean

Uztarria.eus 2018ko ira. 25a, 20:54

Zelai Luze aldean Urola ibaiaren ertzetan pilatutako landareak eta sasiak moztu dituzte gaur, asteartea. Azken hilabeteotan hazitako landareak eta zuhaixkak moztu dituzte, ibaiko urei beren bidea egiten uzteko.

Lan horien ardura Eusko Jaurlaritzaren Urak agentziarena da, horrek baitu ibaien kudeaketarako eskumena. Urakek urtero egiten ditu garbiketa lanak Urola ibaian. Esaterako, ibai ertzean pilatutako sasiak eta belarrak mozten dituzte, eta landare inbaditzailerik egotekotan horiek kentzeaz arduratzen dira. Gaur goizean, Zelai Luze aldeko ibaiaren zati bat txukundu dute Urakeko langileek, eta datozen egunetan jarraituko dute garbiketa lanekin. 

"Uholde arriskua ekiditeko-eta" Azpeitiko Udalak zenbait eskaera egin ohi dizkio Eusko Jaurlaritzaren Urak agentziari, hari dagokiolako ibaien kudeaketa. Oraingoan bi eskaera egin ditu Udalak. Alde batetik, Ibai-Eder eta Urola ibaiak garbitzeko eskatu dio Uraki. Bestetik, Errezildik datozen urak ekarrita Azpeitiko Azoka Plazaren azpian pilatzen diren harriak kentzeko ere eskatu du Udalak, "uraren ibilbidea oztopatzen dutelako".