Baratzea biziberritzeko aholkuak

Uztarria.eus 2018ko ira. 25a, 20:26

2019ko Landareak Lantzen agenda liburua aurkeztu dute gaur, Azpeitiko Azoka Plazan. Argiaren Bizi Baratzea proiektuaren barruan argitaratu duten laugarren alea da, eta bertan, landareak zaintzeko sasoi bakoitzean zer egin behar den zehaztu du Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoak. Lana irudiz hornitu dute, eta ilustrazio horien ardura Antton Olariaga komikigileak izan du. Aurkezpena Onintza Irureta Argiako kazetariak gidatu du, eta omenaldi bat ere egin dute ekitaldian: hain zuzen ere, Errezilgo Azokako emakumeen lana goraipatzeko baliatu dute aurkezpena.

Asteartea Azpeitian azoka eguna da, eta Errekondok nabarmendu du "merezi" duela halako azoka baten erdian aurkeztea liburua. Haren arabera, bi gauza lortu nahi dituzte liburuxkarekin: "Batetik, urtean zehar egin behar diren lanak jendearen eskura jartzea nahi dugu, lau ataletan banatuta: baratzea, fruta zuhaitzak, lorategia eta basoa dira atal horiek". Hilabetez hilabete, zer lan nagusi egin behar diren azaldu du liburuan. "Zergatik hilabeteka? Landareek horrela funtzionatzen dutelako, ilargi aldika". Bestetik, berriz, norberak egiten dituen lanak astez aste apuntatzeko aukera ere izango du liburuxkan. "Hurrengo urtean egingo ditugun lanetarako, badakigu zer eta noiz egin genuen, eta funtzionatu zuen edo ez". Liburuan aipatzen diren lan nagusiei lotutako hiztegi bat ere gehitu diote lanari.

Berrikuntza bat ere badu liburuxkak: hain zuzen ere, lan tresnak eta haien inguruko informazioa txertatu dituzte bertan. "Nekazaritzan urteetan eta urteetan lan tresna mordo bat erabili izan da, baina gaur egun, lan gehientsuenak makinekin edo motorrarekin egiten ditugu, eta horien izenak, horiekin lana egiteko erak eta teknikak galtzen ari dira. Horregatik, tarte bat egin diegu tresna horiei, jakiteko zenbat gauza erabili izan diren, zenbat hitz dauzkagun horiek izendatzeko, zer aukera ematen dituzten tresna horiek...". Hori azaltzeko, hainbat marrazki egin ditu Olariagak.

Baratzeei buruz "ezer gutxi" dakiela nabarmendu du komikigileak, baina Errekondoren laguntzaz lortu duela beharrezko informazioa. "Paperezko baratze horretan, nire aitzurrarekin, errotulagailuarekin, ureztatzen ditut paperak, batzuetan ur gaziarekin propio, baina gehienetan kolorearekin. Nire proposamena lan tresna horietara egokitu behar izan dut, Jakobak esan nahi zuen horretara moldatu, baina nire ikuspegi ignorante horrekin ere jokatu dut balio erantsi bat emateko. Berak baleko marrazkia zela esaten zidanean, poz handia hartzen nuen, eta horrelaxe osatu dugu liburua. Gozamena da hau gauzatua ikustea, paperezko baratze honen fruitua dastatzea".

Errezilgo Azokako emakumeei omenaldia

Errezilgo Azokako emakumeak omentzeko baliatu dute gaurko aurkezpena. Errekondoren arabera, haiek "izugarrizko lana" egin dute azken urteotan, baserri munduari lotutako jakintza transmititzen. "Liburua Azpeitian aurkeztea erabaki genuenean, pentsatu genuen eskualde honetan norbaitek omenaldia merezi badu, Errezilgo Azokako emakumeek merezi zutela. Gaur egun, nekazaritza sustatzea eta Elikagunea bezalako guneak badirudi modan daudela, baina duela 30 urte ea nork pentsatzen zuen horrela. Aldiz, Errezilgo emakumeek elkar hartu eta  izugarrizko proiektu interesgarria sortu zuten, bertako produktuak sustatzeko, beraien bizimodua elkarri lagunduz aurrera ateratzeko, lanpostuak sortzeko, etxerik atera eta nor badirela adierazteko...".

Errezilgo Azokako emakumeek egindako aitortza eskertu eta beraien ibilbidea gogoratu dute. "Duela 30 bat urte elkartu ginen Errezilen, Errezil sagarra dela eta. Orduan ere, orain bezalaxe, azoketara joan eta saldu ezinik ibiltzen ginen. Gainera, jende asko joaten zen Errezilera sagar bila, eta ez zuten jakiten nora jo erostera. Horren aurrean, zerbait egitea nahi genuen. Udalak lagundu zigun deialdi bat egiten, eta deialdi horretan emakumeak bakarrik apuntatu ginen. Eta horrelaxe hasi ginen bakoitza bere etxeetan marmelada, sagar dultzea, tomatea, ogia, intxaurrak... ekoizten. Lokal txiki bat utzi zigun udalak gure produktuak saltzeko, eta hara hasi zen jendea joaten. Elkarlan hori oso aberatsa izan da guretzako, oso indartsu sentitu gara". Errezilgo dendan produktuak saltzen jarraitzen dute egunero, eta azokaz azoka ere ibiltzen dira. Ostiraletan, Azpeitira joaten dira azokara, eta aste osoan zehar Elikagunean eros daitezke beraien produktuak. Horrez gain, urteak daramatzate abenduko lehen igandeaen Errezil Sagarraren Eguna antolatzen.

Liburua 12 eurotan eros daiteke, 943-37 15 45 telefonora deituta, denda@argia.eus helbidera idatzita edo Argia dendan.