Ikusgai izango dira Joseba Segurolak espetxean egindako artelanak

Uztarria.eus 2018ko ira. 24a, 13:39

Segurolak egindako eskulturekin osatutako Barnetik eta barrutik erakusketa jarriko dute ikusgai Foru Ibilbideko aretoan. Jurgi Garitagoitia presoak sortutako musikak girotuko du erakusketa. Urriaren 1etik 14ra izango da ikusgai.

Joseba Segurola preso azpeitiarrak sortutako lanen Barnetik eta barrutik erakusketa jarriko dute hurrengo astean Foru Ibilbideko aretoan. Bertan, ikusgai izango dira Segurolak bere espetxealdian egindako denetariko margolanak eta eskulturak. Musikak jantziko du aretoa. Hain zuzen, Segurolarekin Lannemezango (Okzitania) espetxean preso dagoen Jurgi Garitagoitiak sortutako doinuek lagunduko dute erakusketa. 

Segurola gaztetan lotu zen artearen mundura. Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegian (ADI) egin zituen aurreneko lanak, margoekin eta buztinarekin. 2005eko martxoan atxilotu zuen Segurola Frantziako poliziak, ETAko kide izatea egotzita. Frantziako hainbat espetxeetan egon ondoren, Osnyko espetxera eraman zuten gero. Espetxe horretan, Osnykoan, igarotako urteetan ekin zion berriz margolanak egiteari Segurolak. Epaiketan 18 urteko espetxe zigorra betetzera kondenatu zuten Segurola, eta 2012. urtean Lannemezango espetxera eraman zuten. Orduz geroztik han dago, eta Lannemezanen igarotako lau urteetan ordu asko igaro ditu tailerrean, eskulturak egiten.

Uda aurretik espetxean zuten tailerra lekualdatu zuten, eta burdinarekin lanean jarraitzeko aukerarik gabe gelditu zen azpeitiarra. Ordura bitartean egindako lanekin osatutako erakusketa irekiko dute urriaren 1ean, eta ikusgai izango da hilaren 14a arte. 

Erakusketa zabalik egongo da aste osoan zehar. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabakik. Asteburuetan eta jai egunetan, aldiz, 12:00etatik 14:00etara.