Burdinbidearen Euskal Museoan euskarazko zerbitzua aldarrikatzeagatik "tratu txarra" jasan zuela salatu du familia batek

Uztarria.eus 2018ko ira. 21a, 16:43
Burdinbidearen Euskal Museoa. (Bem fundazioa)
Familiak Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren bitartez agertu du kexa. Behatokiak azaldu duenez, museoan gidari lanetan ari zen boluntarioak "jarrera oldarkorra eta bortitza" izan zuen familiarekin. Azpeitiko Udalarekin jarri zen harremanetan Behatokia. Horren arabera, "Azpeitiko Udalak onartu du familia horren hizkuntz eskubideak urratu zirela, eta euskaldunak izateagatik bigarren mailako herritar gisa tratatu zituztela".

Joan zen irailean Burdinbidearen Euskal Museoa bisitatu zuen familia bateko kideek salatu dute zerbitzua gazteleraz soilik izatea salatzeagatik "tratu txarra" jaso zutela museoan gidari lanetan zebilen boluntario baten partetik. Horrela jakinarazi du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Kexa jarri duen familiak Behatokiaren bitartez egin du salaketa.

"Gidari lanak egiten ari zen langileak azalpen guztiak gaztelania hutsean egin zituenez, azalpenak euskaraz egiteko eskatu ostean, ozen eta haserre erantzun ziela argudiatuta jarri zuen kexa familiak", jakinarazi du Behatokiak. Horrez gain, azpimarratu du gidariak "jarrera oldarkorra eta bortitza" izan zuela familiarekin, "bereziki" kexa agertu zion herritarrarekin. Behatokiak azaldu duenez, museoko gidariak tranbiatik jaisteko agindu zion haserre agertu zen pertsonari."Familiaren hizkuntza-eskubideak zapaltzeaz gain, horren harira jasotako tratua guztiz desegokia izan zen", esan du Behatokiak. 

Gertatutakoaren berri emateko Azpeitiko Udalarekin harremanetan jarri zen Hizkuntz Eskubideen Behatokia, eta Udalak bere jarrera agertu du. Behatokiaren arabera, "Azpeitiko Udalak onartu du familia horren hizkuntz eskubideak urratu zirela, eta euskaldunak izateagatik bigarren mailako herritar gisa tratatu zituztela. Barkamena eskatu du eta gaineratu du Eusko Trenbide Sareko arduradunei beren kezka adierazi eta neurriak hartzeko eskatuko diela".

Behatokiak jakinarazi duenez, Eusko Trenbide Sareak ez du erantzunik eman, oraingoz: "Egoera iraultzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ardura beren esku dago. Horrelakorik berriz ez gertatzeko Eusko Trenbide Sareak egin behar ditu urratsak".