Beñadin Lohiague: "Falta zuzeneko talde bat da, indarrez eta energiaz beterikoa"

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 21a, 13:14
Beñadin Lohiague, Faltak Sanagustinen iazko urrian eman zuen kontzertuan. (Alberto Beloki)

Kulturaz kooperatibaren Arkupehotsak egitasmoak lagunduta grabatu du bigarren diskoa Hazparneko (Lapurdi) taldeak. Gaur, 22:00etan, aurkeztuko du lan berria Sanagustin kulturgunean, Rodeo taldearekin batera emango duen kontzertuan.

Manu Etxegarai (bateria eta ahotsa), Sebastien Delaporte (baxua eta ahotsa) eta Beñadin Lohiague (gitarra eta ahotsa), Falta taldea, Sanagustin kulturguneko Arkupera itzuliko dira gaur, Falta #2 diskoa aurkeztera. Iazko urrian jo zuten han, musika sortzaile eta proiektu hasiberriei bultzada emateko Arkupehotsak egitasmoaren barruan. Egitasmo beraren laguntza izan dute lan berria grabatzeko, eta Rodeo izango dute lagun gaurko musika gauean.

Azpeitian lehen ere aritutakoak zarete, baina Falta #2 diskoa aurkeztuko duzue gaur. Berezia izango al da?

Niretzako oso berezia da. Nire talde ohiarekin, Islaia, egin genuen kontzertu bat Sanagustinen, eta leku magikoa iruditu zitzaidan. Eta Faltarekin itzuli nintzenean sentsazio bera izan nuen. Gainera, pertsona berberekin egin nuen topo –bereziki, Xabi teknikaria–; berriz itzultzea plazer hutsa da, zinez. Kontzertu ikaragarria eman nahi dugu, gure indar guztiekin.

Duela urtebete probatu zenuten lehen aldiz Sanagustingo Arkupea. Zer oroitzapen duzue kontzertu hartaz?

Jende goxo-goxoa, familiak, lagunak, bertakoak eta Iparraldekoak, leku zoragarri bat, soinu alimalekoa... Kantu bat grabatu ziguten eta ikusgai dago Youtuben; Culloden da kantua eta, hain zuzen ere, gure bigarren diskoko lehen kantua da.

Arkupehotsak egitasmoak lagunduta grabatu duzue zuen bigarren lana. Nola baloratzen duzue esperientzia?

Egia esateko, ez genuen ulertu Arkupehotsak lehiaketa bat ere bazela. Orduan, kontzertu normal bat egin genuen, kantu bat grabatu ziguten, esan bezala, eta gu oso pozik. Bizpahiru hilabete beranduago jaso genuen dei bat, lehiaketa irabazi genuela esateko. Alimaleko festa egin genuen gure herriko ostatuan! Proposamena zen diskoa Azpeitian grabatzea, baina hitza emana genion ordurako gure hemengo teknikariari. Orduan, Arkupehotsakekoek diruz lagundu digute prozesuan. Ale batzuk eramango ditugu gaur, oparitzeko.

 

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.