Brigadako lanpostuak betetzeko hautatutakoen behin-behineko zerrenda argitaratu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko ira. 20a, 20:22
Udaleko zenbait langile. (Uztarriaren artxiboko argazkia)

Orotara, 163 lagunetatik 157 pertsona onartu eta zortzi pertsona baztertu dituzte, agiriren bat aurkeztea falta zaielako. Baztertutako zerrendan dauden pertsonek, urriaren 4a bitarteko epea dute falta zaien dokumentazioa udaletxean aurkezteko. Udalaren aurreikuspenen arabera, urriaren bukaera aldera izango da lanpostuak betetzeko azken azterketa.

Uda aurretik, herriko brigadan denetariko lanak egiteko lehen mailako ofizialen lau lanpostutarako oposizio-lehiaketa jarri zuen martxan Azpeitiko Udalak. Guztira, 165 lagunek eman zuten izena deialdian, eta gaur argitaratu du Udalak onartuen eta baztertuen zerrenda. Honako lotura honetan  kontsulta daiteke. 

Orotara, 163 lagunetatik 157 pertsona onartu ditu Udalak, eta, behin-behinean, zortzi pertsona baztertu dituzte dokumentazioren bat aurkeztea falta zaielako. Baztertutakoen zerrendako pertsonek, urriaren 4a bitarteko epea dute falta zaien dokumentazioa udaletxean aurkezteko. Alegazioak aurkezteko epea itxi ostean, hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda aterako da argitara, eta ondoren zehaztuko dute lehen azterketa data. Udalaren aurreikuspenen arabera, urriaren bukaera aldera izango da azterketa.

Erakundeak esan duenez, Udalak "ahal bezain beste lanpostu publiko egonkor sortzeko konpromiso osoa du", betiere "legeak ezarritako mugak eta tasak errespetatuta". Horrela azaldu du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak: "Modu gardenean bete nahi ditugu lanpostu publikoak. Herritar orok lanpostu horiek betetzeko aukera izan dezaten sortu ditugu lanpostu publikoak”. Langile publikoen "egonkortasuna bermatzen joateko" bide bat ireki nahi du Udalak.