Nerabeei lotutako gaiez hausnartzeko, gurasoei zuzendutako hiru ikastaro antolatu dituzte

Uztarria.eus 2018ko ira. 20a, 18:14

Gizarte Zerbitzuetako Sailak antolatu ditu saioak Guraso Eskolen barruan. Ikastaroetan parte hartzen duten gurasoek nerabeen kuadrillez eta gazte lokalez  nahiz sare sozialena jorratuko dituzte saioetan zehar. Izen-ematea zabalik dago, eta urriaren 8an itxiko dute horretarako epea. Saioak urriaren 10ean, 17an eta 24an, izango dira, 18:30etik 20:00etara.

Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Sailak udazkenerako hiru tailer antolatu ditu Guraso Eskolen barruan, urriaren 10erako, 17rako eta 24rako. Saio horietan bi gai jorratuko dituzte bereziki: kuadrillen eta gazte lokalen gaia eta sare sozialen gaia. Ikastaroen xedea da gurasoek nerabeekin zer egin eta nola jokatu behar duten hausnartzea. Izar Arregi psikologo-terapeutak gidatuko ditu eskolak, eta parte-hartzaileek, honako gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste:

  • Gazteen zenbait errealitatez hausnartu: alkohol kontsumoa, lehen harreman sexualak...
  • Lokalak eta gazteak: zer alderdi on ditu? zein arrisku?
  • Lokaletako alkohol eta drogen kontsumoa.
  • Lokaletako harremanak: lagunartea, sexu harremanak…
  • Guraso bezala zer eta nola egin sare sozialen erabilpenarekin.
  • Diziplina jartzea babesteko eta baloreetan hezteko, ez kontrolatzeko.
  • Ideia irrazionalak eta beldurrak: "nirekin betirako haserretuko da", " beste gurasoak uzten dute", "gaur egun normala omen da"... antzerako ideien inguruko hausnarketa. 

Parte-hartzaileek beren interesen arabera aukera ditzakete ikastaroak. Hau da, tailer bakarra edo guztiak aukera ditzakete. Dena den, saioetara joateko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Hiru bide daude horretarako: ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idaztea, udaletxeko Gizarte Zerbitzuen sailera joatea eta 943-15 71 92 telefono zenbakira idaztea. Guraso Eskoletarako izen-ematea urriaren 8an itxiko da. Saioak ordu eta erdikoak izango dira, eta 18:30etik 20:00etara eskainiko dituzte.

Saio bakoitzaren prezioa 1,5 euro ordaindu beharko dute parte-hartzaileek. Diru kopuru hori ordaintzeko ezintasuna dutenek beka bidez eskura dezakete diru-laguntza. Horretarako  udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegora jo dezakete.