Bolumen handikoen bilketa aldatu zutenetik, hiru aldiz gehiago berrerabiltzen dira hondakin horiek

Uztarria.eus 2018ko ira. 20a, 18:03

Urola Erdiko Mankomunitatearen arabera, bolumen handiko hondakinen bilketak hobera egin du iaz sistema aldatu zutenetik; mankomunitateko herrietan bildutakoa nolakoa den erakusteko, erakusketa zabalduko dute larunbatean Azpeitian.

Urola Erdiko Mankomunitateak bolumen handiko hondakinen bilketa aldatu zuen iazko uztailean. Ordura arte, kaleko edukiontzietatik jasotzen zituzten hondakin horiek, baina azken urtebetean herritarrek Garbigunera eramaten dituzte edota Emaus kooperatibako biltzaileek etxez etxe jasotzen dituzte hondakinak. Bilketa sistema aldatu eta urtebetera, egungo egoeraren berri eman du mankomunitateak. Adierazi duenez, mota honetako hondakinen bilketak hobera egin du, berrerabiltzen diren hondakinen kopurua hirukoiztu eta zabortegira bideratutakoa erdira jaitsi baita. Era berean, biltzeko modua aldatu zenetik, herritarrek bolumen handiko hondakin gutxiago uzten dituzte kaleko edukiontzien alboan, eta Emausek jasotzen dituen dei kopuruak “nabarmen igo” dira. Horregatik, herritarrak “zoriondu” ditu mankomunitateak.

“Urtea ospatzeko” eta “mankomunitateko herrietan bildutakoa nolakoa den erakusteko” asmoz, gainera, erakusketa zabalduko dute Azpeitian. Larunbatean irekiko dute erakusketa Betharrameko erakusketa gelan, eta hilaren 28ra bitartean, 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 20:00etara artean ikusi ahal izango da. Igandean, berriz, soilik goizez zabalduko dute.

Era berean, mankomunitateak gogoratu du bolumen handiko hondakinen zerbitzua Emausekin duela kontratatua. Horren arabera, Emausek “berrerabiltzeko moduan dauden eta ez dauden hondakinak” jasotzen ditu. “Guztia biltzen du”. Hain zuzen ere, honako hondakin hauek jasotzen dituzte: tresna elektriko eta elektronikoak (telebistak, irratiak, garbigailuak, beragailuak…); egurrezko, metalezko eta beirazko osagaiak dituzte altzariak (armairuak eta antzekoak, mahaiak, mesanotxeak, besaulkiak, sofak…); oheak, andak, somierrak eta lastairak; eta mota guztietako arropa, oinetakoak eta jostailuak, liburuak eta “antzeko beste edozein objektu”. Horretarako, 656-78 95 74 telefonora deitu eta hitzordua jarri behar da. Emauseko langileak, gero, etxera joaten dira hondakinak jasotzera.