Azpeitiko Udalak abian jarritako Denbora neurtuz programaren barruan, Ladrones del tiempo dokumentala ikusteko aukera izan zen atzo gauean Soareasu antzokian. Ikus-entzunezkoaren zuzendari Cosima Dannoritzer (argazkian, eskubian) ere izan zen Soreasun, eta emanaldiaren ondoren dokumentalaren inguruko azalpenak eman zizkien han bertaratutakoei. Zure denbora, haien negozioa lelopean, sistema kapitalistan denborak daukan funtzioa aztertzen du lanak.
Urriaren 2an jarraituko dute egitasmoaren ekintzek. Fabian Mohedanok Reforma horaria ekimena aurkeztuko du, eta Berdintasunerako tresna berria izenpean, solasaldia eskainiko du Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Antolatzaileen arabera, Mohedanok aurkeztuko duen egitasmoak herritarrak beraien denbora "askatasun handiagoarekin" kudeatu ahal izatea du helburu. "Jendartearentzako ordutegi egokiagoak bultzatzen ditu ekimenak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna ahalbidetzen dutenak; harreman, osasun zein ongizate maila hobeak lortzeko aukera ematen dutenak. Udalerrietarako proposamena nahiz orain arte egindako ibilbidea aurkeztuko dizkigute solasaldian".
(Argazkia: Azpeitiko Udala)