Orain Presoak dinamikak urriaren 20an egingo duen manifestaziora joateko autobusa antolatu du Azpeitiko Sarek

Uztarria.eus 2018ko ira. 19a, 20:09
Orkatzen jarri duten izen-emate orria. (Azpeitiko Sare)

Izen-ematea zabalik dago, eta Orkatzen egin daiteke. Urriaren 20ko mobilizazioa Donostian izango da, eta 17:00etan irtengo da Donostiako Antiguoko tuneletik. 

Presoen eskubideen defentsan, manifestazioa deitu du Orain Presoak dinamikak urriaren 20rako. Hasiera batean Bilbon egitekoak baziren ere, Donostian egingo dute presoen aldeko "manifestazio erraldoia". Hitzordu horretara joateko autobusa antolatu du Azpeitiko Sarek, eta gaur zabaldu du autobuserako izen-ematea. Mobilizaziora autobusez joan nahi dutenek Orkatz kultur elkartean eman dezakete izena.

Urriaren 20an 15:45ean irtengo da autobusa Azpeitiko anbulatorio aurretik Donostiara. Manifestazio, aldiz, 17:00etan hasiko da Donostiako Antiguoko tuneletik. Hori dela eta, Sarek dei egin die herritarrei garraio publikoa erabil dezaten. "Modu batera edo bestera, Donostiako kaleak bete behar ditugu, orain presoen garaia delako", adierazi dute Sareko kideek. Era berean, urriaren 20ko manifestazioa "herri honetan inoiz izan den mobilizaziorik handiena bilakatzen laguntzera" deitu dituzte herritarrak. Sare Herritarra plataformak joan zen ekainean jarri zuen martxan Orain Presoak dinamika, euskal presoen eskubideen alde. Lau lehentasun ezarri zituzten: urruntze politikarekin bukatzea, larriki gaixo dauden presoak artatzea, zigorren batuketa eta lehen graduen aldaketa.

Uztailean aurkeztu zuten Orain Presoak dinamika Azpeitian. Orduko hartan, agerraldi jendetsua egin zuten ehunka lagunek plazan, eta Sareko kideek hartu zuten hitza. Azaldu zutenez, "presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzeko bide orri bat adostea" da beren helburua, "eragile sozialak, politikoak, sindikalak, instituzionalak... hau da, euskal jendartearen gehiengoa norabide horretan elkarlaean jarrita".