Denboraren erabileraz hausnartzeko, 'Ladrones del tiempo' dokumentala eskainiko dute gaur

Uztarria.eus 2018ko ira. 19a, 15:38

Denbora neurtuz egitasmoaren harira, Ladrones del tiempo dokumentala emango dute gaur, asteazkena Soreasu antzokian, 21:00etan hasita. Zure denbora, haien negozioa lelopean, sistema kapitalistan denborak jokatzen duen funtzioa aztertzen du dokumentalak. Cosima Dannoritzer da dokumentalaren zuzendaria, eta horrela dio hark sortutako ikus-entzunezkoaren sipnosiak: "Ahaztu petroleoaz, uraz edo mineraletaz. Ikerketa berri honetan erakusten zaigun bezala, trukerako txanpon berria bihurtu da denbora, eta gure esku dago baliabide baliotsu bezain mugatu honen kontrola berreskuratzea". 

Dokumentala gazteleraz eskainiko dute. Hori amaitzean, Cosima Dannoritzer zuzendariak solasaldia eskainiko du. Emanaldira bertaratzen diren herritarrek nahi dituzten galderak egiteko aukera izango dute. 

Ladrones del tiempo ez da Dannoritzerrek sortutako aurreneko lana. Comprar, tirar, comprar dokumentala ere hark sortutakoa da, eta bertan kapitalaren mesedetan objektuei ezarritako zaharkitze programatua aztertzen du.