Sahatsa dantza taldekoak Valladolidera joango dira asteburuan

Uztarria.eus 2018ko ira. 19a, 14:05
Sahatsakoak Azpeitiko parrokiaren atarian. (Sahatsa)

Hango Euskal Etxeak gonbidatuta joango dira Azkoitiko eta Azpeitiko dantzariak. Besteak beste, ezpata dantza eskainiko dute katedralean, zapatu arratsaldean.

Azkoiti-Azpeitiko Sahatsa dantza taldeak irteera berezia egingo du asteburu honetan. Valladolidera (Gaztela eta Leon, Espainia) joango dira Sahatsakoak, hango Euskal Etxeak gonbidatuta, eta bi egunetan egingo dituzte emanaldiak.

Bereziena hilaren 22an egingo dutena izango da. Zapatu arratsaldean, ezpata dantza eskainiko dute Sahatsakoen Valladolideko katedralean Ricardo Blazquez kardinalak zuzenduko duen mezan. Meza ondoren katedralaren aurreko plazan egingo dute saioa dantzariek; Lapurdiko, Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzekin hornitutako 40 minutu inguruko ikuskizuna prestatu dute Azkoiti-Azpeitikoek. Igandean, berriz, Euskal Etxeko abesbatzarekin batera kalejiran ibiliko dira Sahatsakoak, hiriko erdigunearen hainbat txokotan beren dantzak erakutsiz.

"Interesgarria bezain polita" izatea aurreikusten duten asteburua "ilusioz prestatzen" ari direla adierazi dute Sahatsakoek.