Mintzapraktika saioen ikasturte berria martxan da

Uztarria.eus 2018ko ira. 18a, 13:05
Hau da mintzapraktika saioen ikasturte berrirako izen-ematea iragartzeko prestatu duten kartela.

Aste honetan hasiko dituzte saioak Sanjuandegiko auzo lokalean. Euskara jakin arren erabiltzeko zailtasunak dituztenentzat antolatzen dituzte saioak eta parte hartu nahi dutenek aukera dute oraindik izena emateko.

Udako oporraldiaren ondoren, aste honetan ekingo diote mintzapraktika saioen 2018-2019 ikasturteari Sanjuandegiko auzo lokalean.

Euskara jakin arren erabiltzeko zailtasunak dituztenentzat antolatzen dituzte saio horiek. "Talde giroan eta mintzalagun baten laguntzarekin, aise gainditzen dira hizketarako lotsak", diote arduradunek. Parte hartu nahi duitenek aukera dute oraindik ikasturte berrirako izena emateko, eta bi aukera dituzte horretarako: Udal Euskaltegian (943 81 19 47 telefonoa) edo mintzapraktiketan (685 720 272 telefonoa). Egun eta ordutegi ezberdinak dituzte aukeran, mailaren eta norberari ondo datorkionaren arabera; aipatutako bi telefonoetara deituta jasoko dituzte xehetasun guztiak interesa dutenek.

"Azpeitian, Euskaraldia kanpainan sartzera goazen une honetan, eta euskararen erabilerari bultzada eman nahi zaion honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa egiten da horrelako saioetan parte hartzea", azaldu dute mintzapraktika saioetako sustatzaileek. Herriko euskaldunei dei egin diete, era berean, mintzalagun gisara parte hartzera anima daitezen: "Talde hauek euskaldun zahar boluntario batzuen lan eskergari esker daude martxan. Ikasturte berrirako berriak behar dira. Animatu!".