Azpeitiko emakume bat hil da Narrondon izandako istripuan

Uztarria.eus 2018ko ira. 17a, 20:38

Istripua izan da gaur eguerdian Zumaia eta Zestoa artean, Narrondo parean. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Azpeitiko bizilaguna zen 77 urteko emakume bat hil da istripuan. Beste hiru pertsona zauritu dira.

Istripu larria izan da gaur eguerdian Narrondo parean, Zumaia eta Zestoa artean, N-634 errepidean. Chrysler Voyager markako auto batek BMW markako beste batekin talka egin du, eta ondorioz, pertsona bat hil da. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, 77 urteko emakumea da hildakoa, Azpeitiko bizilaguna. Hildako emakumea senarrarekin –79 urteko gizona, Azpeitiko bizilaguna– eta alabarekin –54 urteko Donostiako bizilaguna– zihoan BMW autoan. Gizonezkoa helikopteroan eraman dute Donostia Ospitalera, eta erietxe berera eraman dute alaba ere, zaurituta. Beste autoan, berriz, 61 urteko gizon bat zihoan, Zumaiako bizilaguna, eta Mendaroko Ospitalera eraman dute, zaurituta.