Ikasturte berriari ekiteko prest dira Gazteria Saileko zerbitzuak

Uztarria.eus 2018ko ira. 17a, 15:27

Hurrengo astelehenean irekiko dituzte Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekak. Erabiltzaileek izena eman beharko dute aurrez, ikasturtean zehar joango diren ludotekan bertan. Hiru egun izango dituzte horretarako. Gaztelekuko erabiltzaileei eta horien gurasoei zuzendutako ate irekiak ere egingo dituzte datozen egunetan.

Ohiko martxarekin hasteko prest daude Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekak nahiz Gaztelekua eta Gazte Informazio Bulegoa (GIB), eta hurrengo astean ekingo diote ikasturteari.

Iturri Txiki eta Txiki Txoko ludotekak hurrengo astelehenean, hilak 24, irekiko dituzte. Ikasturtean zehar, astelehenetik ostiralera izango dira zabalik Iturritxiki zein Txiki Txoko, 17:00etatik 19:30era. Astelehena iritsi aurretik baina, erabiltzaileek izena eman beharko dute ikasturtean zehar erabiliko duten ludotekan bertan. Izan ere, Gazteria Saileko zerbitzuak erabiltzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea.

Asteazkenean, hilak 19, irekiko dituzte ludoteketako izen-emateak, eta ostirala izango da horretarako azken eguna. Asteazkenean, hilak 19, 14:00etatik 19:00etara eman beharko dute izena erabiltzaileek. Ostegunean eta ostiralean, aldiz, goizez nahiz arratsaldez egongo da izen-ematea egiteko aukera Txiki Txokon zein Iturritxikin: 10:00etatik 12:00etara eta 14:00etatik 19:00etara. Gaztelekua, aldiz, ostiralean, hilak 21, irekiko dute, eta 16:30etik 19:30era egongo da zabalik. Horren aurretik, erabiltzaile berrientzako ate irekiak egingo dituzte bihartik, hilak 18, ostegunera. Egun horietan, DBH 1eko ikasleentzat 17:00etatik 18:30era egongo da zabalik Gaztelekua, eta beste adinetako erabiltzaileentzat, berriz, 18:30etik 19:30era.

Gurasoek Gaztelekua ezagutzea xede, ate irekiak egingo dituzte urriaren 2tik 4ra. Hezitzaileek egun horiek aprobetxatuko dituzte nerabeen gurasoak ezagutzeko eta haien izen-emateak jasotzeko. Egun horietan 11:00etatik 19:00etara irekiko dute Gaztelekua. Ikasturtean zehar, asteartetik ostegunera 17:00etatik 19:30era irekiko dute Gaztelekua. Ostiraletan 16:30etik 19:30era eta zapatuetan 17:00etatik 20:00etara.

Gazte Informazio Bulegoak udako ordutegia izango du urriaren 1era arte. Horrenbestez, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara izango da zabalik. Urrian jakinaraziko dute ikasturteko ordutegi zehatza.

Plazatarrak egitasmoa

Iaz izan zuen harrera ona ikusita, aurtengo ikasturtean Plazatarrak egitasmoa antolatzen jarraituko du Gazteria Sailak. Oraindik ez dakite noiz hasiko diren saioekin, baina horiek prestatu bezain pronto jakinaraziko dituzte ekintza bakoitzaren inguruko xehetasunak. 

Plazatarraken helburua da haurrek, gaztetxoek eta haien gurasoek elkarrekin aisiaz eta herriko txokoez gozatzeko aukera izatea. Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. maila bitarteko haurrei eta haien gurasoei zuzendutako egitasmoa da. Azken ikasturtean denetariko jarduerak egin zituzten, hala nola sukaldaritza saioa, altxorraren bila, Hi Selfie! jolasa, Komuntzo-Sakona etxalde ekologikora bisita eta bizikleta irteera.