'Ametsen harria' dokumentala aurkeztu dute herritarren aurrean

Uztarria.eus 2018ko ira. 15a, 11:37

Azpeitia-AnnapurnaII 1986 espedizioaren memoria berreskuratzea helburu duen Ametsen harria ikus-entzunezkoa aurkeztu zuten atzo, Soreasu antzokian. Sarrera txiki bat egin ostean, ordu erdi irauten duen dokumentala eman zuten, eta gero, prozesuan parte hartu dutenek, espedizioko mendizaleek eta Kulturazeko eta Paradisu Zinema zine klubeko kideek hartu zuten hitza. Dozenaka lagun elkartu ziren lanaren aurkezpenean.

1986an bost mendizale azpeitiarrek Annapurna II mendira espedizioa egin zuten, eta haren dokumentala, Annapurna II 1986, berreskuratzeko eta digitalizatzeko asmoz —Euskadiko Filmategian gordeta zegoen lana ordura arte—, lanean hasi ziren iaz Paradisu Zinema eta Kulturaz kooperatiba. Baina proiektu horrek bazuen bigarren helburu bat: mendizale haiek "abentura" hori nola prestatu zuten gogorarazteko beste dokumental bat egitea. Hain zuzen ere, lan horren emaitza da Ametsen harria.

Yuri Agirre arduratu da ikus-entzunezkoa zuzentzeaz. Duela 32 urte, Agustin Arenasek, Agustin Madrazok, Josu Bereziartuak, Jose Mari Azpiazuk eta Jabier Maizek espedizioa nola prestatu zuten jaso du dokumentalean azpeitiarrak, eta, horretarako, haien testigantzak bildu ditu. Artxiboko argazkiekin osatu du dokumentala, eta Iban Izagirre artista azpeitiarrak ilustrazioak egin ditu dokumentalean aparteko istorio bat kontatzeko.

Asteburuan, Annapurna II 1986 dokumentala emango dute Soreasun bertan.