Denetariko zikinkeriak atera dituzte Urola ibaitik herriko ikasleek

Uztarria.eus 2018ko ira. 14a, 14:38

Herriko ikastetxeetako DBHko ikasleak Urola ibaiaren Azpeitiko zatia garbitzen aritu dira gaur goizean. Denetariko zikinkeriak atera dituzte uretatik: gurpilak, hondartzarako aulkiak, botilak, plastiko zatiak... Ikasleek azaldu dute "hondakin ugari" zeudela ibaian.

Urtero egin ohi dute ibai garbiketa, eskolako Agenda 21 egitasmoaren barruan. Berez, ekainaren 13an ziren garbiketa egitekoak, baina eguraldi kaxkarra dela eta, atzeratu egin zuten orduan hitzordua. Gaur, garbiketaz gain, Xabier Arenasek Urola ibaiaren inguruan egindako dokumentala ikusi dute ikasleek, 08:45ean hasita. Hogei minutu inguruko dokumentala da Arenasek egindakoa, eta herritarrak sentsibilizatzea eta ikasleak ibaiak dituen altxorrez jabetzea ditu helburu. Luis Juaristik aurkeztu du ikus-entzunezkoa, eta hori ikusi ostean, ikasleek iritziak plazaratzeko eta hausnartzeko tartea izan dute.

Soreasutik irtetean, garbiketarako materialak jaso eta ibaia garbitzeari ekin diote. Zeregin horretan aritu dira 11:30ak aldera arte. Bildutako zabor guztia plazan jarriko dituzten ontzietan bota dute, eta han elkartu dira denak. Goiza ondo amaitzeko, mokadutxo bat egin dute elkarrekin plazan.