Eraberritze lanak egingo dituzte plazako eraikin bateko etxaurrean

Uztarria.eus 2018ko ira. 13a, 15:24

Azpeitiko plazako 6, 7 eta 8 zenbakien eraikinaren etxaurrea eraberritzen hasiko dira datozen egunetan. Atzo, asteazkena, jarri zituzten aldamioak plazan, fatxadaren konponketa lanekin hasteko. Azken hilabeteotan ikuskapen teknikoa egin diete 50 urte baino gehiago dituzten eraikinei, eta horien artean da plazakoa. Inspekzioa egin ostean, etxaurrea eraberritu eta itxuraldatuko dute. Horrez gain, zenbait egokitzapen egingo dituzte eraikinean. Izan ere, sistema energetikoa hobetzeko lanak egingo dituzte etxepean. Lan horiek guztiak santotomasetarako amaitzea aurreikusten dute.

Azpeitiko Udalak etxaurrearen konponketa eta eraberritze lan horiek diruz lagunduko ditu. Izan ere, Alde Zaharra biziberritzeko programaren barruan, fatxadak berritzeko diru-laguntzak eskaintzen ditu Udalak.   "Herriko plazak duen berezitasunagatik", plazako eraikinen kasuan eraberritze lanen %50a ordaintzen du Udalak, betiere aurrekontuak ez badu erakundeak ezarritako kopurua gainditzen. Kasu honetan, portaleko 6.000 euroko diru-laguntza emango du Udalak. 

Plazako eraikinaren itxuraren nolakotasuna –kolorea barne– bertako bizilagunek aukeratuko dute, baina haien proposamenak Udalaren oniritzia jaso beharko du.