Juaristi ISB-Bilbao Basket Euskal Koparen final laurdenetakoa, igandean kiroldegian

Uztarria.eus | Kirolak
2018ko ira. 12a, 11:56

Neurketa 18:00etan hasiko da eta sarrera doan izango da. Hurrengo asteburuan Durangon jokatuko den txapelketaren azken faserako txartela lortuko du irabazleak.

Juaristi ISBko jokalariak, denboraldi aurreko entrenamendu batean. (ISB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iraurgi Saskibaloiaren jarraitzaileek klubeko gizonezkoen talde nagusi berritua lehen aldiz ikusteko aukera izango dute asteburu honetan herriko kiroldegian. Igandean, 18:00etan hasita, Euskal Koparen final laurdenetako partida jokatuko du Juaristi ISBk Bilbao Basketen kontra. Sarrera doan izango da.

Espainiako ACB eta LEB ligetan lehiatzen diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako taldeek dute Euskal Saskibaloi Federazioak denboraldi aurrean antolatzen duen kopan parte hartzeko aukera. Azpeitian jokatuko den neurketaren kasuan, aurreko sasoian Urrezko LEB ligan lehiatu ondoren 2018-2019 denboraldian Zilarrezko LEBera itzuliko den Iraurgik eta ACBn maila galdu ostean Urrezko LEBen ariko den Bilboko taldeak neurtuko dituzte indarrak.

Euskal Koparen azken fasea Durangon jokatuko da hurrengo asteburuan. Igande honetan Azpeitian irabazten duen taldeak Zornotza edo Araberri –final laurdenetako beste partida jokatuko dute– izango du aurkari hilaren 22ko finalaurrekoan. Horko irabazleak, berriz, Delteco GBC izango du zain hilaren 23an eguerdiz jokatuko den finalean; Donostiakoa da aurtengo Euskal Kopan lehiatuko den ACB ligako talde bakarra.

Añares Rioja ISB, hurrengo asteburuan

Iraurgiren emakumeen talde nagusiak ere jokatuko du Euskal Kopa. Añares Rioja ISBkoen kasuan, azken fasera sailkatzeko aurrekanporaketan sartuko dira lehian. Hilaren 23an jokatuko dute partida hori, Ibaizabalen kontra, Azkoitiko kiroldegian. Emakumeen Euskal Koparen azken fasea ere Durangon jokatuko da, iraileko azken asteburuan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu