'Karakola', txukuntzen eta itxuraldatzen

Uztarria.eus 2018ko ira. 11a, 21:20

Itxura berria hartzen ari da Etxe-Alai auzunearen eta Olazko Andre Mariaren plazaren arteko Karakola. Azpeitiko Udala joan zen astean hasi zen inguru hori itxuraldatzen, eta lanak aurrera doaz pixkanaka. Udalaren hitzetan, leku hori "inguru berezia eta iluna da". Horregatik, Karakola herritarrentzako "gune goxoagoa" izatea xede, mantenu eta margoketa lanak egiten ari dira eremu horretan.

Arte y Muralismo enpresa arduratu da gunea koloreztatzeaz, eta hango artistak ari dira hormak margotzen. "Erreka moduko zerbait" irudikatu nahi dute egiten ari diren muralean. Eguraldiaren arabera lehenago edo beranduago bukatuko dituzte pintaketa lanak, baina hilabetea amaitzerako Karakola prest izatea aurreikusten du Udalak. Karakolaren egituran egindako konponketa eta pintaketa lanek 30.000 euro inguruko aurrekontua dute.