Herritarrek berriro atera dute kalera pentsio duinen aldeko aldarria

Uztarria.eus 2018ko ira. 10a, 14:39

Udako etenaren ostean, Azpeitiko Jubilatu eta Pentsiodunen Plataformak berriz ekin die mobilizazioei, eta dozenaka lagun elkartu dira gaur, astelehena, Azpeitiko plazan egin duten elkarretaratzean. Pentsio sistema propioaren alde egin dute beste behin han bildutakoek, eta pentsio publikoak gutxienez 1080 eurokoa izan behar duela galdegin dute.

Plataformak joan den ostiralean adierazi zuenez, erakundeek pentsiodunen eskaera bete ez dituztela-eta erabaki dute mobilizazioekin "tinko" jarraitzea.

Joan zen abuztuaren 1ean egin zuten eskualdeko pentsiodunek azken agerraldia. Orduan, Azpeitiko Udalak San Inazio festen barruan Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei egiten dien harrera probestu zuten pentsiodunek politikariei gutun bat emateko. Hasiera batean, gutuna Iñigo Urkullu lehendakariari ematea zen beraien asmoa, baina hura etorri ez zenez, Bakartxo Tejeriari eman zieten eskutitza. Bertan, pentsio publiko duinak eta KPIaren araberako igoerak eskatu zituzten, 1.080 euroko gutxieneko hileko pentsioarekin batera.