Irailaren 21 arte eman daiteke ikasturte berrirako izena Udal Euskaltegian

Uztarria.eus 2018ko ira. 8a, 12:09

Euskara ikasi, maila hobetu edota tituluren bat atera nahi duten herritarrek 30 ikastarotik gora izango dituzte aukeran. Eskaintzen duten beka sistemari esker, "Azpeitiko Udal Euskaltegian euskaraz ikastea doakoa" dela nabarmendu du Udalak.

Ikasturte berriko eskolak hastear dira Azpeitiko Udal Euskaltegian. Matrikula egiteko epea zabalik dago eta irailaren 21ean bukatuko da. Izena eman nahi dutenek euskaltegian bertan egin beharko dute (musika eskolaren beheko solairuan, Perdillegi 1ean), astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 18:00etara bitartean.

Euskara ikasi, maila hobetu edota tituluren bat atera nahi duten herritarrek 30 ikastarotik gora izango dituzte aukeran ikasturte honetan ere Udal Euskaltegian. A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako tituluak ateratzeko aukera eskainiko dute; taldeak, berriz, goizez, arratsaldez zein gauez osatzeko aukera izango da, eskaeren arabera, beti ere.

Eskaintzen duten beka sistemari esker, "Azpeitiko Udal Euskaltegian euskaraz ikastea doakoa" dela nabarmendu du Udalak. "Oso herri euskalduna gara, gure tamainan euskaldunenetakoa, eta horrela izaten jarraitu nahi dugu. Euskaraz gara, eta euskaraz ez dakitenei, edo jakinagatik hobetu nahi dutenei, euskara debalde ikasteko aukera eskaintzea da gure konpromisoa", azaldu du Josu Labaka Euskara zinegotziak.

Euskaltegiaren eskaintzaren edota matrikulazioaren gaineko informazio gehiago nahi dutenek 943 81 19 47 telefonora deitu, euskaltegia@erabili.eus helbidera idatzi edo Udal Euskaltegira bertara joan daitezke, bulegoko ordutegian.