Añota sagardotegia Euskal Herriko IV. Sagardo Txapelketa Herrikoian lehiatuko da aurten ere

Uztarria.eus | Besterik
2018ko ira. 7a, 09:36

Orain arte jokatutako hiru finaletatik bi –aurrenekoa eta hirugarrena– Azpeitian izan dira; bestea, aldiz, Andoainen. Aurten, Usurbilek hartuko du Azpeitiaren lekukoa, eta bertan jokatuko dute finala irailaren 29an. 

Euskal Herriko III. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finaleko irudia. (Euskal Herriko Sagardogileen Elkartea)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azken urteetan egin bezala, Euskal Herriko IV. Sagardo Txapelketa Herrikoian lehiatuko da Azpeitiko Añota sagardotegia. Aurrez egindako sariketaren edizio guztietan hartu du parte Añotak, nahiz eta orain arte ez duen saririk jaso izan. Datorren zapatuan, irailak 8, jokatuko da aurreneko kanporaketa, Beasainen. 

Bigarren kanporaketa Goizuetan jokatuko da irailaren 15ean, hurrengoa Oñatin, hilaren 21ean, eta azkena Urnietan, hilaren 22an. Txapelketaren finalak, aldiz, estenatoki berria izango du aurten. Izan ere, jokatutako hiru finaletatik bi –aurrenekoa eta hirugarrena– Azpeitian izan dira; bestea, aldiz, Andoainen. Aurten, Usurbilek hartuko du Azpeitiaren lekukoa, eta bertan jokatuko dute finala irailaren 29an. 

2015ean antolatu zuten aurrenekoz Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia. Orduko hartan Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen finala, eta Petritegi sagardotegiak jantzi zuen sariketako txapela. Bigarren edizioaren finala Andoainen jokatu zen, eta Ordiziako Tximista sagardotegia izan zen nagusi. Hirugarren eta orain arteko azken finala Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen iazko urrian. Orduan Gaztañaga sagardotegia  izan zen nabarmendu zena. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu