Dozenaka lagun elkartu da Jon Artanok Kolonbiaz emandako hitzaldian

Uztarria.eus 2018ko ira. 6a, 13:04

Jon Artano (Zestoa, 1978) nazioarteko kazetariak hitzaldia eskaini zuen atzo Sanagustin kulturgunean, Munoandi elkarteak antolatuta. Kolonbia: bakearen korapiloak izenburupean eman zuen saioa, eta Aitor Aranbarri kazetaria aritu zen aurkezle lanetan. Dozenaka lagun elkartu zen bertan.

2016ko udaz geroztik, EITBren berriemailea da Artano Latinoamerikan. Gaur egun, Bogotan bizi da eta Kolonbiako bake prozesuaren bilakaera bertatik bertara jarraitu du. Hain zuzen ere, horixe izan zen Artanok  eskaini zuen solasaldiaren oinarria: Kolonbia, bake hitzarmena eta plebiszitua. Besteak beste, gehiegizkotzat jo zuen bakea Kolonbiara heldu dela esatea, eta pake prozesua "nekez eta astiro" doala azpimarratu zuen. "FARCek bete du bere partea eta estatuak ez. Gerrillariek desmobilizazioari ekin zioten eta armak entregatu zituen". Era berean, honako hau adierazi zuen: "Gainera, FARCek utziko hutsunea ez du bete. FARCek eremu askotan administrazioaren funtzioak betetzen zituen eta lurralde horietan orain estatua ez dago presente. Ondorioz, talde armatuak borrokan ari dira hutsune horiek kontrolpean hartzeko".

Zestoarrak, gainera, gertaera horiek denek Kolonbiako gizartean izan duten eragina ere izan zuen hizpide.