Oier Ibargurenek Volta a Portugal do Futuro lasterketaren lehen etapa irabazi du

Uztarria.eus 2018ko ira. 6a, 12:15
Oier Ibarguren (ezkerretik aurrera) atzoko podiiumean, liderraren mailota soinean duela. (Volta a Portugal do Futuro)

Ihes eginda iritsi zen helmugara txirrindulari azpeitiarra eta bera da sei etapa dituen itzuliaren lehen liderra, 45 segundoko aldearekin. 23 urtez azpikoen Portugalgo lasterketa nagusia da atzo hasi zen proba.

Oier Ibargurenek (Azpeitia, 1997) modu ezin hobean ekin dio Volta a Portugal do Futuro lasterketari. Atzo hasi zen 23 urtez azpikoen mailan Portugalen egiten den lasterketa nagusia, eta Ibargurenentzat izan zen garaipena, denboraldi honetan lortu duen aurrenekoa.

Agueda herrian hasi eta bukatu zen 118,4 kilometroko zirkuitoa osatu behar izan zuten txirrindulariek lehen etapa horretan, eta ihes eginda iritsi zen helmugara Baque-Ideus-BH taldeko azpeitiarra, 45 segundoko aldearekin; eguneko ihesaldian kide izan zituen Marvin Sheulen (Sicasal-Constantinos-Delta Cafes) eta Guillermo Enero (Super Froiz) helmugaratu ziren azpeitiarraren atzetik.

Horrenbestez, liderraren mailota ere jantzi zuen Ibargurenek, eta hura soinean duela irtengo da gaur, Oliveira do Hospital eta Colcurinho arteko bigarren etapan; guztira, sei etapa ditu lasterketak.