Urrestillarako bidegorriaren lehen faseko obrak, bukatuta

Uztarria.eus | Hirigintza
2018ko ira. 4a, 11:23

Joan zen maiatzean hasi ziren  Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorria egiteko obrak, eta dagoeneko amaitu dituzte aurreneko faseari dagozkion lanak, Azpeitiko Udalari zegozkionak. Hain zuzen, Landetako okindegi zaharraren paretik Atxubiagako biribilgunera arteko bidegorri zatia egokitu du Udalak lehen fase horretan. Obrek 195.539,90 euroko aurrekontua izan dute. 

Bigarren faseko lanen proiektua –Atxubiagako biribilgunea eta Urrestilla lotuko dituen zatiarena– eginda eta onartuta dagoela jakinarazi du Udalak. Orain arte, proiektuaren tramitaziorako lurrak eskuratzeko prozesuan aritu da Foru Aldundia. Izan ere, bidegorriaren ibilbidea egin ahal izateko Aldundiak Azpeitiko Udalari utziko dizkio lurrak, eta Udala izango da, era berean, bigarren fase horretako lanak esleituko dituena. Lehen fasea amaituta, bidegorriaren bigarren zatia egokitzeko obrekin hasteko falta diren tramitazio lanak egiten ari dira orain.

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak joan zen azaroan sinatu zuten bidegorria egiteko hitzarmena. Bi erakundeek azaldu zutenez, helburua da bidegorria 2019 urte hasieran amaitzea. 

Guztira, 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorriaren lanek. Foru Aldundiak ordainduko du zenbateko horren %75a, eta Azpeitiko Udalak %25a. Lanak gauzatzea, aldiz, Udalaren kontu izango da.
 

Bide luzearen kronologia

2015eko udaberrian hitzartu zuten Udalak eta Aldundiak bidegorria egitea; lanak urtea bukatzerako hasiko zituztela esan zuten orduan, baina ez zen halakorik gertatu. Foru hauteskundeak etorri ziren, haiekin gobernu aldaketa, eta Azpeitia-Urrestilla bidegorriaren proiektua ez zen kontuan hartu 2016ko aurrekontuetan. Mugikortasun saileko arduradunek adierazi zuten Diputazioaren aurrekontu proposamenean aurreikusita zegoela Urrestillarako bidegorriaren proiektua, eta aurrekontuak onartzeko bilkuran ikusiko zela horri buruzko azken erabakia. Foru Aldundiko iturriek esandakoaren aurrean, aldiz, 2016rako aurrekontuen zirriborroan Aldundiak Urrestillako bidegorrirako dirurik ez zuela jarri baieztatu zuen Azpeitiko Udalak.

Bidegorriaren asmoa kolokan ikusita, Urrestillako bizilagun batzuek proiektua udaberrian adostu bezala egiteko eskatuz idatzia prestatu eta Aldundian aurkeztu zuten, bi egunetan jasotako 900dik gora sinaduraren babesarekin. 2016an zehar bidegorriaren eskatzeko beste hainbat egitasmo ere gauzatu zituzten urrestildarrek; nabarmenena, iazko ekainaren 18an egin zuten martxa jendetsua.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau JLarranaga | 2018-09-05 : 17:39

Hola, abantada ederrean doaz obrak. Nere alaba billobakin gustora ibiltzen da Loiola ta Lasaora bizekletan ta laister Urrestilla, eskarrikasko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu