Udalak hitzarmena berritu du Urola Kostako Hitzarekin, "euskarazko prentsa bultzatzeko"

Uztarria.eus 2018ko abu. 31a, 14:35

Azpeitiko Udalak hitzarmena sinatu du Urola Kostako Hitza hedabidearekin, beste urte batez. Erakundearen hitzetan, "hitzarmenaren helburua da eskualdeko hedabideetan euskara bermatzea". Horretarako, 27.000 euro emango dizkio Udalak Urola Kostako Hitzari. Ainara Larrañaga zinegotziak eta Uxua Ostolaza Urola Kostako Hitzako kudeatzaileak sinatu dute hitzarmena.

Udalak adierazi duenez, Azpeitian eta Urola Erdia eskualdean "oinarrizko hedabide" bihurtu da Urola Kostako Hitza. Berritutako akordioarekin hedabideari diru-laguntza emateaz gain, "euskararen alde egiten duen lana" aitortu nahi die Udalak. "Tokiko informazioa euskaraz jasotzea bermatzen duen komunikabidea da Hitza. Gertuko kontuak, etxekoak, eta herrikoak herritarrei euskaraz jakiteko eta ezagutzeko aukera ematen diena. Hori ezinbestekoa da guretzat euskararen normalizazioan", adierazi du Larrañagak.