Uharteko hilketa matxista salatu eta "boteretze feministarako deia" egin du Basanderiekek

Uztarria.eus 2018ko abu. 30a, 21:20

Basanderiek asanblada feministak deituta, dozenaka lagun elkartu da gaur, osteguna, Azpeitiko plazan, joan zen larunbatean Uharten jazotako erailketa matxista salatzeko. Emakumeon kontrako indarkeriarekin amaitu! lelopean elkartu dira deialdira batu diren herritarrak.

Joan zen larunbatean aurkitu zuten eraildako emakumea Uharten. Zaurituta zegoen bilatu zuten unean, eta Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzura eraman zuten anbulantzian. Han hil zen astelehenean. Eraildako emakumearen senarra preso sartu zuten asteartean, emaztea hiltzea egotzita.

Gaurko elkarretaratzean, indarkeria sexistak "mugarik" ez duela gaitzetsi du Basanderiekek: "Bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da indarkeria matxista. Eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea da".

Azken hilketa matxista salatu ez ezik, "boteretze feministarako" deia egin du Basanderiekek. Asanblada feministako kideen aburuz, boteretze feminista izango baita "erasoak saihesteko eta bizi garen ingurua eraldatzeko bide bakarra". Era berean, biolentzia matxistari "hortzak erakusten" dizkiotela berretsi dute, beste behin, Basanderiek asanbladako kideek: "Elkarrekin indartsuago egiten ari gara, antolatuta gaude, eta beldurrik gabe erantzuteko prest gaude. Indarkeria matxistaren aurrean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia iritsi da".

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak jakinarazi duenez, Uharteko hilketa zenbatuta, indarkeria matxistaz hildako bost emakume izan dira Euskal Herrian urtea hasi zenetik. Espainian, aldiz, 62 emakume erail dituzte aurten.

Azpeitiko Udalak ere "gogor" salatu zuen asteartean Uharten jazotako hilketa matxista. Erakundeak gogorarazi du herritarren ardura ere badela urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea.