Beni Odriozola: "Xoxoteko aterpea egundoko aukera izan da niretzat"

Uztarria.eus 2018ko abu. 30a, 19:29
Beni Odriozola, Xoxoteko aterpearen sarreran. (Beni Odriozola)

Etxera itzultzeko baina mendian bizitzen jarraitzeko parada izango du zapatutik aurrera azkoitiarrak. Xoxoteko aterpearen aro berria etzi hasiko da, irekiera festa eta guzti.

Aurreko aterpezainek uztea erabaki zutela eta, joan den apirilean Xoxoteko aterpea kudeatuko duen aterpezain berria aukeratzeko deialdia jarri zuen martxan Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak. Uztailean jakinarazi zuten Beni Odriozola (Azkoitia, 1968) aukeratu zutela zeregin horretarako. Esperientziarik ez zaio falta Odriozolari: duela 21 urte hartu zuen Lintzako (Huesca, Aragoi, Espainia) mendi aterpearen ardura, eta bere lantaldearekin batera, hura kudeatzen jarraitzen du. Xoxotekoan ere izan zuen esperientzia labur bat duela urte batzuk, baina oraingoan buru-belarri eutsi nahi dio "ilusio handiarekin" hartu duen erronkari. Izarraizko parajeetara itzuliko da, mendizaletasuna piztu zitzaion etxe gertuko tontorrera.

Nolatan erabaki zenuen Xoxoteko aterpezain izateko aurkeztea?

Txikitatik izan dut Xoxoterako joera. 10 urte nituenetik hasita, askotan joaten nintzen, aitarekin. Oso inguru polita da, toki kuttuna da niretzat, eta aterpea hartzeko aukera sortu zenean, ez nuen bi aldiz pentsatu. Lintzan 21 urte egin eta gero, etxera bueltatzeko gogo pixkat banuen; horregatik, Xoxotekoa egundoko aukera izan da niretzat. Ilusio handiarekin hartuko dut, gustura eta sentimendu goxo batekin.

Mendizaletasuna txikitatik datorkizula diozu. Eta mendiko aterpezain izatearena, nondik sortu zitzaizun?

Aitak sartu zidan mendizaletasunaren harra, bai. Hasieran, nire asmoa zen mendian ibiltzea, ahalik eta mendi gehienak igotzea. Niretzat, gauza bakarrak gainditzen du mendi gailurrak igotzea, eta hori da mendizaletazuna zaintzea eta aterpe bat eramatea, mendian bertan bizitzea. Mendia nire bizimodua da, neure burua ez dut beste inon ikusten. Xoxoteko aterpearen ardura hartzeko deialdia ikusi nuenean, aukera hoberik ezingo nuela topatu pentsatu nuen: etxera bueltatzea eta mendizaletasuna piztu zitzaidan lekuan bizitzea.

Zer asmo dituzu Xoxoterako? Zein helbururekin abiatuko duzu esperientzia berria?

Lintzan hogei urte hauetan eskuratutako esperientzia eta jarritako pasio hori Xoxoteko aterpean islatzea da nire helburua. Euskal Herriko aterpetxeen artean, puntan, jarri nahiko nuke Xoxotekoa, hemengo mendizaleentzat erreferentzia bat izatea. Umeekin lan egiteko asmoa daukat, denetariko tailerrak antolatuz: dantzak, sukaldaritza... Eta ez umeentzako bakarrik; hilean behin-edo egitasmoak antolatzea da asmoa. Helburu nagusia, hala ere, aterpera etortzen den mendizalea oroitzapen onenarekin joatea da, berriz Xoxotera itzul dadin.

Zer moduz aurkitu duzu aterpea, azpiegutura aldetik eta?

Oso ondo ikusi dut. Uste dut Lagun Onak Mendi Bazkunak gauzak oso ondo egin dituela. Aterpea oso ondo dago. Hemendik aurrera, nahi dudana da pixkanaka gauza batzuk aldatzea, ahal den neurrian behintzat, hobetzeko asmoarekin.

Zeuk aipatu bezala, Lintzan urte asko daramatzazu lanean. Zer alde dagoela esango zenuke aterpe baten eta bestearen artean?

Xoxote mendiarekin harremanetan hasteko toki egoki bat dela esango nuke. Lintza beste era bateko aterpea da, inguruan mendi zailagoak ditu, mendian zailduagoa dagoen jende gehiago inguratzen da hara.

Xoxotekoa hartu duzu orain, baina Lintzako aterpean ere jarraituko duzu, ezta?

Bai. Han lehengo urtean luzatu nuen kontratua. Hala ere, nire asmoa da pixkanaka etxera etortzea. Lintzan lantalde oso ona daukat; han arduradun bat uztea eta neu jada etxe aldera, Xoxotera, itzultzea nahi dut.

Zer da mendizale batek mendi-aterpe batean bilatzen duena? Zer baloratzen dute gehien aterpeetako erabiltzaileek?

Tratua, batik bat. Ostalaritza zerbitzu bat da, baina ez da ohiko ostalaritza gune bat ere. Azkenean, aterpera doazen bezeroek eta guk, barruan gaudenok, gauza bera maite dugu: mendia. Lintzan egin ditudan urte guztiotan, mendiak eta bertan jazo daitezkeen egoerek irakatsi ahal duten guztia ikasten saiatu naiz, eta eragina izan du horrek nire izaeran. Horregatik, elurra, hotza edota haize beldurgarria jasan dituen mendizalea aterpean sartzen denean, badakit zer nahi duen. Momentu onetan zein zailetan, hor topatuko naute mendizaleek Xoxoten ere.

Paella "erraldoia", bertsoak, trikitia eta Oreka TX

Agurreko eta lagunarteko festarekin amaitu zuten hamabi urteko ibilbidea Imanolek eta Mariaeuk, Xoxoteko orain arteko aterpezainek, abuztuaren 19an. Eta  festa giroko irekiera ekitaldia prestatu dute etzirako Beni Odriozolak eta bere lantaldekoek. 12:00etan irekiko dituzte aterpearen ateak eta paella "erraldoia" prestatuko dute, joaten diren mendizale guztientzat. "Paella pixka bat, txorizo pixka bat eta edaria, horiek debalde izango dira denentzat".

Jan-edanaz gain, dantza, musika eta bertsoak ere ez dira faltako. Hasteko, aurreskua dantzatuko du Odriozolaren lagun batek. Andoni Egañak eta Iñaki Muruak bertso batzuk botako dituzte. Eta Jon eta Rezusta trikitilariek, eta Oreka TXko txalapartariek borobilduko dute irekierako festa. Ordubiak ingurura arte luzatuko dela aurreikusten du Odriozolak.

"Festa polita" izango dela dio aterpezain berriak, "denak gonbidatuta" daudela azpimarratuz. "Ea ondo hasten garen, eta ondo jarraitzen dugun". Martxoaren 1etik urriaren 31ra aterpea egunero irekiko dutela aurreratu du Odriozolak, eta neguko hilabeteetan asteburuetan eta jaiegunetan.