Eguzkiñe Peñak bukatutzat eman du futbol jokalari ibilbidea

Uztarria.eus 2018ko abu. 30a, 14:35
Eguzkiñe Peña. (Reala)

Hainbat urtez emakumeen goi mailako euskal taldeetan aritu ostean, "momentuz" futbolean jokatzeari uzteko erabakia hartu du. Joan zen denboraldian belauneko lesio larria izan zuen azpeitiarrak, eta oraindik ere errekuperatzen ari da. Lagun Onakeko nesken lehen taldeko bigarren entrenatzaile kargua hartu du.

Eguzkiñe Peñak (Azpeitia, 1992) futbol ibilbideari bukaera ematea erabaki du. Hainbat urtez emakumeen goi mailako euskal taldeetan aritu ostean –Realean sei denboraldi eta Oiartzunen bi– hartu du "momentuz" ibilbidea bukatzeko erabakia. Izan ere, joan zen denboraldian lesio larria izan zuen azpeitiarrak belaunean, eta ez zuen berdeguneaz nahi adina disfrutatzerik izan. Gainera, oraindik ere errekuperazioan murgilduta dago Peña.

Futbolean jokatzeari utzi badio ere, futbola ez du alde batera lagatzeko asmorik, eta sasoi berriaren atarian, Lagun Onak futbol klubeko Erregional Mailako nesken bigarren entrenatzaile kargua hartu du.

2017ko azaroan, Peñari elkarrizketa luzea egin zion Ainitze Agirrezabala kazetariak, Sanagustingo elkarrizketak ziklokoaren barruan, eta elkarrizketa hura argitaratu zuen Uztarriak 2017ko azaroko aldizkarian. Azpeitiko Kultur Mahaiak, Erlo Telebistak, Sanagustin kulturguneak, Urola Kostako Hitzak eta Uztarria Komunikazio Taldeak 2016ko ekainean estreinatu zuten azpeitiar ezagunak protagonista dituen Sanagustineko elkarrizketak zikloa.