Udalak "gogor" salatu du Uharten izandako hilketa matxista

Uztarria.eus 2018ko abu. 29a, 12:45

Hildakoaren senitartekoei zein haren gertukoenei "elkartasuna" adierazteaz gain, herritarrei erasoa salatzeko antolatu ditzaketen protestetan parte hartzeko deia egin die erakundeak. Udalak gogorarazi du herritarren ardura ere badela urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea.

Uharteko (Nafarroa) emakume baten heriotza ikertzen ari da Foruzaingoa, hilketa matxista delakoan, eta Azpeitiko Udalak gertaera "irmo" salatu du. Hildakoaren senitartekoei zein haren gertukoenei "elkartasuna" adierazteaz gain, herritarrei erasoa salatzeko antolatu ditzaketen protestetan parte hartzeko deia egin die erakundeak.

"Indarkeria matxistak ez du etenik gaur egungo gizartean. Arazoa benetan larria da, gizonen eta emakumeen berdintasun ezetik sortuta", azaldu du Udalak, eta esan du giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen, "ez Azpeitian eta ez beste inon". Erakundeak gogorarazi du herritarren ardura ere badela urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea. Hori dela eta, erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero, Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara deitzea "ezinbesteko betebeharra" dela esan du Udalak. "Denon ardura eta betebeharra da indarkeriari aurre egitea".

Erakundeak azaldu duenez, egunerokoan ikastetxeetan sustatzen duen hezkidetza programen zein beste hainbat egitasmoren bidez, "indarkeriaren kontra" pertsonen arteko berdintasuna lantzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.