Bada zer bisitatu

Uztarria.eus 2018ko abu. 27a, 17:28

Urtez urte herria itxuraldatzen ari bada ere, badira mendeetan zutik jarraitzen duten eraikin historikoak. Zaharberrituta, ikusgai daude asko. Horiekin osatu du abuztuko Uztarria aldizkarirako Klik! argazki-erreportajea Nora Alberdi kazetariak.

Alberga

Garai batean elizari itsatsitako harresiaren zatia zegoen tokian dago alberga edo garbitokia. 1842an eraiki zuten, Jose Javier Olazabalen laguntzaz. Eraikina, estiloz, neoklasikoa da, eta erdi estalita du sabaia; izan ere, eraikinaren erdian urmael handi bat dago, inguruko hogei uraska hornitzen dituena; uraska bakoitzak bere txorrota eta latsarria ditu. Etxaurre nagusian, burdin forjatuz eginiko bi ate daude, eta etxaurrean itsatsita Azpeitiko ikur bilakatu diren lau iturburu berezi.

Antxieta jauregia

Arkitektura mudejarra duen eraikinak arte kristauaren elementuak eta apaingarri arabiarrak ditu. Jauregia XVI. mendean eraiki zuten, Juan Antxieta musikariaren eta Errege Katolikoen kapilauaren aginduz. Eraikinaren elementurik ikusgarriena etxaurrea da: beheko aldea harlanduz dago egina, eta gainerakoa adreiluz. Konposizio eskema hori duen Gipuzkoako eraikin bakarra da. Egun, Kutxabankena da eraikina, eta Atzegiren eguneko zentroa dago bertan, baita bi pisu tutelatu ere.

Bakardadearen kapera

Soreasuko Sebastian Donearen parrokiak zortzi kapera ditu, eta horietako bat nabarmentzekoa da: Bakardadearen kapera. Errenazimenduko harribitxia da, eta bertan Nicolas Saez Elola zenaren hilobia dago. Azpeitiarra Pizarroren kapitainetako bat izan zen Peruren konkistan. Saez Elolak 1533an idatzi zuen testamentuan, Azpeitiko parrokian erosita zuen lekuan sakristia, organoa eta harrizko hilobia zituen kapera erakitzea agindu zuen. 2002 eta 2006 urteetan egindako birgaitze lanei esker, kaperak jatorriz zuen itxura berreskuratu zuen, baita horma irudien zati bat ere. Lan haiek egitean, kanpai baten moldea eta garai desberdinetan lurperatutako pertsonen eskeletuak aurkitu zituzten.

Madalenako interpretazio zentroa

1535ean, Parisen ikasketak amaitu eta gaixorik iritsi zen Azpeitira Loiolako Inazio. Madalenako ospitalean hartu zuen ostatu, gaixorik ziren behartsuekin batera. Hainbat tokitan jasota dagoenez, hiru hilabetez izan zen ospitalean, eta gaixoentzat eta behartsuentzat janari eta laguntza eske ibiltzen zen kalean. XVI.  mendeko ospitale zaharra Jesusen Lagundiak berritu zuen, eta 2014tik zabalik dute jesuitek intepretazio zentroa.

Enparan dorretxea

1930. urtean eraiki zuten dorretxea; hain zuzen ere, Euskadiko Ahaide Nagusietako oinaztarren familiak eraiki zuen. 1456an Enrique IV.a erregeak dorrearen goiko aldea eraisteko agindu zuen, eta mende bat beranduago, 1953ean, konpondu egin zuten dorretxea. Dena den, 1750ean hartu zuen eraikinak gaur egun duen itxura; dorre zaharra jauregi bihurtu zen, jatorriko dorreari bi gorputz atxiki zizkioten alde banatan eta garai hartan ohikoak ziren hainbat elementu barroko ere jarri zizkioten eraikinari. Gaur egun, Azpeitiko Udal Liburutegia dago Enparan dorretxean.

Trenaren museoa

Zumaia eta Zumarraga lotzen zituen Urolako trenaren geltokian dago museoa. Europako tren bildumarik onenetakoa dago gune horretan, hainbat ibilgailu mota ikus baitaitezke, hala nola lurrun, diesel eta elektrizitate bidezko lokomotorak, automotorrak eta bagoiak. Museoak, 1926an inauguratu zuten trenbidearen tailer mekanikoaz gain, bi bilduma ditu bertan: treneko jantziena bata, eta tren geltokietako erlojuena bestea. Erloju bilduma munduko onenetakotzat hartzen dute adituek. Burdinbidearen Euskal Museoa 1994an inauguratu zuten, eta gaur egun Euskotrenek kudeatzen du. Lurrun trenean Lasaora bidaia da museoaren eskaintzetako bat.

Loiolako basilika

XVII. mende bukaeran, inguru hartan baserriren bat baino ez zenean, hasi ziren Berniniren ikasle Carlo Fontana arkitektuak diseinatutako eraikin erraldoia egiten. Bi mende behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta Izarraizko harrobitik ateratako marmolarekin ez ezik, Italiatik eta Karrantzatik ekarritakoarekin ere osatu zuten eraikina. Sarrerako ate nagusia, berriz, Kubatik ekarritako kaoba zurez egina da. Erromesen helmuga bilakatu zen zabaldu eta gutxira basilika, eta gaur egun Gipuzkoako hiru tenpluen ibilbideko guneetako bat da.

Basazabal jauregia

Basazabal Azpeitiko jatorrizko eraikin zibilik zaharrena da, XIV. mende amaierakoa, zehazki. Etxe pribatua izan zen 60ko hamarkadara arte, eta 1985. urtean zaharberritu egin zuten. Gotiko estilokoa da jauregia, eta Gipuzkoan ohikoa ez den patio bat dauka barruan. Udalak jauregiari balio erantsia eman nahi dio, eta jauregiaren izaera errespetatuta, berritzen ari dira. Besteak beste, turismo bulegoa, interpretazio gunea eta erabilera anitzeko gelak egingo dituzte bertan; besteak beste, ekitaldi zibilak, formazio saioak eta abar egiteko.

Sanagustingo erretaula

Garai batean udaletxearen azpiko eliza izana, kulturaren plaza da egun. Sanagustin kulturgunea zabaltzerako erabat berritu zuten gunea, baina agertokiaren atzeko erretaula mantentzea erabaki zuten, haren balio historikoa handia delako. Askotan teloi beltzaren atzean izaten da, ezkutuan, baina abuztuan-eta agerian jartzen dute.