Nesken futbol partidarekin inauguratu dute Garmendipeko zelai artifizial berritua

Uztarria.eus 2018ko abu. 25a, 15:12

Astearen hasierarako lanak bukatu ostean, gaur, zapatua, inauguratu dute Garmendipeko futbol zelai artifizial berritua. Lagun Onakeko eta Realeko neskek izan dute inauguratzeko parada; izan ere, Erregional Mailako bi taldeek lagun arteko partida jokatu dute 11:45ean hasita, eta Realak 0 eta 7 irabazi du norgehiagoka. Talde sortu berria da Realaren Erregional Mailakoa, eta bertan jokatzen dute Haizea Uranga, Mirari Uria eta Elene Viles azpeitiarrek.

Partidaren aurretik, baina, inaugurazio ekitaldia egin dute zelaian bertan, eta argazkia atera dute Estitxu Elduaien eta Agustin Lizarralde zinegotziek nahiz Lagun Onak eta Ikasberri futbol taldeetako zuzendaritzetako kideek eta jokalariek.

Inaugurazio egunari bukaera hasitako moduan emango diote; izan ere, 18:00etan, Erregional Mailako gizonen derbia izango da Garmendipeko zelai berrituan: Lagun Onakek eta Ikasberrik neurtuko dituzte indarrak.

Hona hemen inaugurazioko eta nesken partidako irudi batzuk: