Juaristi ISBk eta Añares Rioja ISBk Euskal Kopa jokatuko dute irailean

Uztarria.eus 2018ko abu. 23a, 15:39

Iraurgiko gizonen lehen taldeak irailaren 16an jokatuko du kanporaketa Azpeitiko kiroldegian, Retabet Bilbao Basketen aurka. Emakumeek, berriz, irailaren 23an jokatuko dute kopako lehen faseko neurketa Azkoitiko kiroldegian, GBKO Idiazabalen kontra.

Irailean hasiko dira LEB, Emakumeen Liga eta EBA mailetako Euskal Kopako neurketak. Askotariko partidak izango dira irailean zehar, han eta hemen, eta Añares Rioja ISBk eta Juaristi ISBk parte hartuko dute txapelketetan.

Gizonen Euskal Kopa emakumeena baino lehen jokatuko da, eta LEB ligetako euskal taldeak ariko dira lehian; tartean, Juaristi ISB. Lehen fasean Baskoniak eta HA Zornotzak neurtuko dituzte indarrak, eta bigarrengoan batuko da kopara ISB. Hain zuzen ere, lehen kanporaketa irailaren 16an jokatuko du, Retabet Bilbao Basketen kontra, Azpeitiko kiroldegian (18:00). Bigarren kanporaketa, berriz, lehen faseko irabazleak eta Saenz Horeca Araberri taldeak jokatuko dute, eta finalaurrekora sailkatuko dira bi kanporaketetako garaileak. Finalerdietako partida irailaren 22an izango da, eta hilaren 23an finala.

Emakumeen Euskal Kopa, berriz, gizonena baino asteburu bat beranduago hasiko da, eta Añares Rioja ISBk jokatuko du lehen norgehiagoka. Lehen faseko partida jokatuko dute Iraurgiko neskek irailaren 23an, 18:00etan hasita Azkoitiko kiroldegian, eta GBKO Idiazabal izango dute aurrez aurre.