Dardo txapelketarekin hasiko dituzte ostiralean Goikokaleko festak

Uztarria.eus 2018ko abu. 20a, 13:59
Iazko mus txapelketako irudia.

Dardo Txapelketa 22:00etan izango da Fideo de Mileto tabernan. Parte-hartzaileek orduan eman beharko dute izena, 10 euroren trukean. Zapaturako eta astearterako ere hainbat ekintza antolatu dute, hala nola zezen txikiak, mus txapelketa, jolasak, parrillada eta bazkaria egingo dituzte egun horietan.

Ate joka dira Goikokaleko San Agustin festak, eta kale horretako festa batzordeak, Sanagustin kulturguneak eta Udalak hainbat egitasmo antolatu dute ostiraletik asteartera bitarterako. Ostiralean dardo txapelketarekin hasiko dira jaiak; 22:00etan izango da lehia, Fideo de Mileto tabernan, eta egunean bertan eman beharko da izena hamar euro ordainduta. Cricket eta 501 modalitateetan ariko dira parte-hartzaileak, eta hainbat sari banatuko dute txapelketa bukatzean. Hain zuzen ere, irabazleak kopa eta izen-ematean bildutako diruaren %50 eskuratuko du; bigarrenak, kopa eta bildutako diruaren %30; hirugarrenak, kopa eta jasotako diruaren %20; eta laugarrenak, kopa.

Festak, baina, zapatuan hasiko dira ofizialki, txupinazoa botata. Ondoren, zezen txikiak izango dira plazan, eta mokadua ere egingo dute eguerdi partean. 15:30ean III. Mus Txapelketa izango da Sanagustin kulturgunean. Egunean bertan eman beharko da txapelketarako izena, eta bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko du parte hartzeko. Irabazleek txapela eta bildutako diruaren %50 jasoko dute; bigarren sailkatzen direnek, jasotako diruaren %25; hirugarren bikoteak diruaren %15 eskuratuko du; eta laugarrenak, %10. Umeentzat jolasak eta txokolatada ere izango dira arratsaldean, eta egunari bukaera parrilladarekin emango diote.

Asteartean jarraituko dute festek; izan ere, abuztuaren 28an da San Agustin eguna. Ardo dastaketa egingo dute aurrena, Sanagustin kulturgunean, eta ondoren bertan bazkalduko dute. Bazkarirako izena abuztuaren 26a, igandea, bitartean eman ahal izango da kulturgunean bertan.

Hona hemen Goikokaleko San Agustin jaien egitaraua:

Abuztuak 24, ostirala

22:00. Dardo Txapelketa azkarra, Fideo de Mileto tabernan.

 

Abuztuak 25, zapatua

11:00. Txupinazoa.

11:30. Zezen txikiak, plazan.

12:00. Mokadua eta zozketatxoak, Goikokaleko plazan.

15:30. III. Mus Txapelketa azkarra, Sanagustin kulturgunean.

17:00. Umeentzat jolasak eta txokolatada, Goikokaleko plazan.

20:30. Parrillada, Goikokaleko plazan.

 

Abuztuak 28, asteartea

12:30. Ardo dastaketa, Sanagustin kulturgunean.

14:30. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean.