Larraitz Larrañagak eta Amets Amubietak Azkoitiko Bikote Helduen Txapelketa irabazi dute

Uztarria.eus 2018ko abu. 17a, 22:35
Amubieta eta Larrañaga gaur saria eskuetan. (Julene Frantzesena)
Zortzi bikotek parte hartu dute Elkargunean jokatutako txapelketan. Jende ugari izan da saioa ikusten. Bigarren Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrek egin dute. Guztira,

Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta dantzari azpeitiarrek irabazi dute gaur, abuztuak 17, Azkoitian jokatutako Bikote Helduen Dantza Txapelketa. Zortzi bikote aritu dira lehian andramarien barruan egin duten txapelketan, eta bi azpeitiarrak nagusitu dira, epaimahaiaren arabera. Bigarren egin dute Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrek, eta hirugarren saria Lezora eraman dute Maider Aginagak eta Iker Belintxonek. Irabazleek 200 euro, oroigarria, txapela eta zapia eskuratu dituzte; 180 euro eta oroigarria bigarrenek; eta hirugarrenez 170 euro eta oroigarria eskuratu dituzte. Gainerako bikote guztiek 125 euroko diru saria jaso dute.

Honako dantzari hauek parte hartu dute txapelketan: Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia), Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta (Azpeitia), Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Leire Eizmendi eta Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia), Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia), Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara) eta Maider Aginaga eta Iker Belintxon (Lezo).

Eguraldi kaskarra tarteko, Balda plazan beharrean Elkarguneko aretoan egin dute txapelketa, eta jendez goraino bete da. Txalkor txistulari taldeak lagunduta aritu dira dantzan bikoteak, eta giro ederra izan da bertan.

Txapelketako irudiak Urola Kostako Hitzaren webgunean ikus daitezke.